Nafar guztien eskubideak kontuan hartzeko

Guaixe 2022ko mar. 31a, 19:29
Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Agurne Gaubeka eta Euskaltzaleen Kontseiluko Paul Bilbao. ARTXIBOA

Nafarroako Gobernua administrazioko lanpostuen merezimenduak arautzen dituen Foru Dekretua lantzen ari da. Kontseiluak kanpaina abiarazi du eta nafarren eskaerak bildu nahi ditu bihar arte.

Zer da?

  • Dekretuak ezarriko du Nafarroako administrazioko lanpostuetan euskara jakiteari zein garrantzi ematen zaion.

  • Iraganeko gobernuen hizkuntza-politika ilunetan baino atzerapauso handiagoak egitea proposatu du Nafarroako Gobernuak.

Zein atzerapauso dakar? Hiru adibide:

  • Eremu Euskalduna delakoan, jendaurreko lanpostuetan lehen baino gutxiago baloratuko da euskararen ezagutza.


  • Eremu mistoa delakoan, hainbat lanpostutan euskararen ezagutza guztiz ezabatuko da.


  • Eremu mistoa delako hainbat lanpostutan, eta eremu ez-euskalduna delako lanpostu guztietan, atzerriko hizkuntzek puntuak emango dituzte, baina euskarak ezer ere ez.

Zer eragin izanen du?
Zirriborroak aurrera eginez gero, ia ezinezkoa izanen da herritarrok zerbitzuak euskaraz jasotzea. Euskaraz egiteko eskubidea, zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea dago jokoan: administrazioarekin, medikuekin, erizainekin…

Dekretuaren norabidea aldatzeko garaia
Nafarroako Gobernua lantzen ari den dekretuaren norabidea eta edukiak aldatzen lagundu nahi dutenek beheko eskaera bete eta biharko bidali behar du.

Nola bete eskaera?

  •  Zure datu pertsonalak sartu edo idatzi.

  • Ondoren, gertatu izan zaizkizun urraketak azalduko (ahal dela hiru), jarraian jaso dugu zenbait adibide.

  • Dokumentua sinatu eta behin beteta eta sinatuta, bidali nafarroa@kontseilua.eus helbidera.


    Urraketen adibideak
    Herritarrak Nafarroako Gobernuko edozein departamentutako langileekin izandako azken harremanak izango ditu gogoan. Gaztelaniaz egin behar izan baditu, horiek idatzi.

  • Medikuak ezin dit osasun-zerbitzua euskaraz eskaini.

  • Ospitalean izan naiz eta kartel zein seinale ia guztiak gaztelania hutsez zeuden.

  • Txertoa jartzera joan naiz ospitalera eta txertoaren osasun oharren orria gaztelania hutsez eman didate.

  • Nafarroako Gobernuko xxxx departamentura deitu dut, eta gaztelaniaz egin behar izan dut ezin izan didatelako zerbitzua euskaraz eskaini.

    Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentura joan naiz eta ez didate zerbitzua euskaraz eskaini.

  • Nafarroako Gobernuko xxxx departamentutik deitu didate, eta ez didate zerbitzua euskaraz bermatu.

  • Nafarroako Gobernuko xxxx departamentuan izan naiz, eta ezin izan dut euskara erabili.

Garrantzitsua da harreman hori noiz izan zen eta zein departamenturekin zehaztea (ez da jarri behar inoren izena): Otsailaren 25ean, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentura deitu nuen gestio bat egitera, eta ezin izan zidaten zerbitzua euskaraz jaso.