Pilota

Ongi etorri beroa Martija txapeldunari

Guaixe 2022ko api. 4a, 12:03

Julen Martijak Binakako txapela senitarteko eta lagunekin batera ospatu zuen, Etxarrenen.

Bilboko buelta oso gozoa izan zen Altunaren eta Martijaren zaleendako. Aldiz, gogorra Lasoren eta Imazen jarraitzaileendako. Guztiek final epikoaz gozatzeko aukera izan zuten, zaletasuna sortzen duena, partida gogorra, estua eta luzea izan baitzen –100 minutu baino gehiagotan 822 pilotakada gurutzatu ziren– baina biko gorriko zaleek itzulera hobea izan zuten, jakina.

Martijak eta bere jarraitzaileek Etxarrengo Iratzar jatetxea izan zuten ospakizunen bilgune. Bertan ongietorria egin zioten Etxarrengo atzelari handiari, aurreskua eta loreekin. Segidan, senitartekoek eta lagunek mahai inguruan bilduta ospatu zuten Julen Martijaren binakako txapela.

Martijaren lagunak eta senitartekoak autobusez hurbildu ziren finalera. Haren aldeko pankartak eskegi zituzten Bizkaia pilotalekuan eta etxeberriarra eta amezketarra animatu zituzten. Bereziki etxarrendarra oinazeak jota lurrean etzanda geratu zenean, bi bikiak igota zituela. Bukaeran ederki kantatu zioten: "Bilbo, entzun, Martija txapeldun". Eta zoramena nagusitu zen.