Industria lurrerako 27,839 milioi euro

Guaixe 2022ko api. 5a, 10:02

Maria Chivite Navascues eta Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrena. NAFARROAKO GOBERNUA

Etxarrengo industrialdea garatu, Irurtzunen Inasak hartutako lurretatik kutsadura kentzeko azken lanak, Altsasun Kapitansoro industrialdea garatzeko pausoak eman eta Isphording enpresako lantegi zaharrak berriro ordenatu eta kutsadura kentzera bideratuko da diru hori.

Maria Chivite Navascues Nafarroako lehendakaria eta Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrena bigarren lehendakariorde eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria Sakanako udal eta ekonomia ordezkariekin elkartu ziren Irurtzunen atzo. Aierdik azaldu zuenez, “Sakanako sozioekonomia garapenerako industria biraktibazioa eta garapen jasangarria bultzatu nahi dugu”. Gobernuaren ordezkariek 2021eko eta 2022ko jarduera nagusiak errepasatu dituzte. Ibarreko industria garapenerako Nafarroako Gobernuak 27.839.000 euroko inbertsioa eginen duela jakinarazi dute. 

Inbertsioak
Etxarrenen 456.000 metro karratu gordineko industrialdea egiteko 11.600.000 milioi bideratuko ditu foru administrazioak. Eskualde mailako industria jarduerak ezartzeko da industrialde berria. Industrialde berriaren hirigintza planteamendua udan aurkeztuko dute. Bestalde, udan despedituko dituzte Irurtzunen Inasa zeneko lurretatik kutsadura kentzeko lanak. 170.000 metro karratu gordin dira. Horretara 8.300.000 euro bideratu ditu gobernuak. 

Azkenik, Altsasun bi jarduera iragarri ditu Aierdik. Batetik, Kapitansoro industrialde berria garatzeko udalak eta gobernuak hitzarmena sinatuko dute eta, ondoren, industrialderen hirigintza planteamendua lantzen hasiko dira. Industrialde berriak 250.000 metro karratu gordin izanen ditu eta 7.600.000 euro bideratzea aurreikusi dute gobernuan. Azkenik, Nasuvinsa enpresa publikoa Altsasuko Isphording enpresaren instalazio zaharren ordenazio berrian eta handik kutsadura kentzeko lan egiten ari da. 20.500 metro karratu gordineko azalera du eta 339.000 euro bideratuko dituzte.