Atzo hasi zen Euskal Herriko Itzulia Hondarribiko kale eta txoko ederretatik jokatutako 7,5 kilometroko erlojupekoarekin. Ibilbide oso teknikoa zuen erlojupekoak, eta haize ufadak nabaritu ziren, kostaldetik pasatzerakoan, bereziki. Guztiari aurre eginez, Primoz Roglic (Jumbo) ikusgarri aritu zen eta erlojupekoa irabaztea eta lehen egunetik Itzuliko lider izatea lortu zuen (9:48) Remco Evenepoel (Quick Step) bere arerio nagusiari 5 segundo aterata. Bi txirrindulariek hegan egin zuten, baina Roglicek aginte kolpea eman zuen.
Itzulian lehiatzen ari diren bi txirrindulari sakandarrei dagokienez, Gorka Izagirrek (Movistar Team) lan ederra egin zuen eta 12. sailkatu zen, 24 segundora, eta Itzulian eta profesionaletan debutatu duen Igor Arrieta 72. izan zen, 49 segundora. Biak egindako lanarekin kontentu zeuden.
Gaur Itzulia Sakanara iritsiko da. Itzuliko bigarren etapa Leitzan hasiko da, 12:15ean, eta Vianan bukatuko da. Itzuliko etaparik luzeena da (207,9 km), eta Sakanan Zuarratetik sartuko da, 12:45 aldera. Ondoren, tropelak Etxarri Aranatzeraino (13:25) egingo du aurrera, eta Etxarritik Lizarragako bidea (13:31) hartuko du, Lizarragako portua igo (13:43) eta Lizarraldean sartzeko. Roglic lider sartuko da Sakanara. Itzuliko zuzendari tekniko Roberto Laisekaren iritziz, "ihesaldiak osatzeko etapa egokia" izango da.