Kilometro bakarra. 200 ihesean. Loria gertu, usaindu egin dute eguneko ihesaldia osatu duten lau lagunek, batez ere Ibon Ruiz arabarra. Baina tropela baina bizkorragorik, indartsuagorik ez dago eta laukotearen bi minutuko errenta 10 kilometroan jan dute. Azken zuzengunean, Alaphilippe-ek bere pedal kolpe onena erakutsi du, Vianan irabazteko. Nabarmentzekoa Evenepoel taldekideak egin dion bideratzaile lan bikaina.
Espero bezala, ihesaldia osatu da, Leitzatik abiatu eta berehala, Uitzin gora. Ibai Azurmendi Euskadi Fundazioko leitzarra, Caja Rural-eko Julen Amezketa nafarra, Kern-Pharmako Ibon Ruiz eta Burgos BHko Ander Okamika bizkaitarra. Ia bost minutuko zuloa ireki dute Lizarragako pasaeran.
Ondoren diferentzia jaisten joan da pixkanaka, baina tropelean ez da ehizarako grina berezirik sumatu, eta Aguilar gainean bi minutuko errenta mantendu dute. Aurrekoak hazi egin dira, eta euren arteko borrokan Ibon Ruiz gasteiztarrak jo du, eta bakarrik ihes egin. Jazarpenean ez dira ondo moldatu, eta Kern-Pharmakoak bidea egin du, azken kilometroraino. Tropelak hegan egin du, eta kontrako haizeak ezinezko egin du Ibon Ruizen balentria.
Biharko etapa, hirugarrena, gaurkoa baino askoz bihurriagoa da. 181 kilometro Laudio eta Amurrio artean. Lehen zatian ihesaldia osatzeko terreno aproposa, Altube gainarekin, baina azken 80 kilometroetan gaiztotu egingo da asko etapa Opellora eta Ozeka mendateekin. Inoiz igo gabekoak dira, eta galbahe handia egin dezakete onenen tropeltxoan. Ozekak kilometro bat du %13ra, eta Opellorak 3.6 kilometro %7.4ko batez bestekoarekin. Erne igoeretan, baina batez ere jaitsieretan, errepide estu eta hautsietatik pasa beharko baita tropela.