EH Itzulia 2022

Euskal Herria pozik da! Pello Bilbao nagusi Amurrion

Andoni Urbistondo 2022ko api. 6a, 20:09

Gernikarrak gorriak ikusi ditu Ozekan gora, baina onenen multzoan sartu, Alaphilippe-en gurpila hartu eta esprintean munduko txapelduna menderatzeko gai izan da, urtetan bilatu duen etapa garaipen dotorea lortzeko; Roglicek segitzen du lider

Itzuliko 3. etapak asko ematea espero zen, eta asko eman du, baina bukaera ederra, espero gabekoa izan duelako izan da polita, batez ere. Euskaldun batek irabazi duelako, Pello Bilbaok, tropeleko euskal zikilistarik onenetakoa, eta Itzuliko garaipenaren bila egoskor aritu dena urtetan. Gogoan izan pasa den urtean Hondarribian galdu zuen etapa, Ion Izagirreren mesedean, zentimetro gutxi batzugatik. Gernikarrak besoak jaso ditu garaile Amurrion, eta balio handiko garaipena eskuratu. Ez alferrik, Julien Alaphilippe munduko txapelduna menderatu du, frantziarrak Remco Evenepoel taldekidearen bideratzaile lan bikaina aldeko izan badu ere.

Pello Bilbaok pazientziaz jokatu du, neurrian, bere unearen zain geratuz. Ozekako bigarren pasaeran gora metro batzuk galdu ditu, INEOS taldeko Adam Yates-ek astindu pare bat jo dituenean. Bere erritmoan jarraitu du, ez itotzeko, eta onenen tropeltxora bueltatu da jaitsieran. 16 lagun batu dira denera buruan, talde zenbait bi ordezkarirekin, eta haiek markatu dute erritmoa, eraso oro zapuztuz. Evenepoel aritu da polizi lanetan eraginkorren, esprintean Alaphilippe-ek bigarren etapa irabazteko aukera zuela jakinda. Remcok berak egin du azken kilometro eta erdia, eta abiatu da Alaphilippe, baina bere gurpila harrapatu du Pellok, etapa irabazteko bide bakarra hori zela jakinda. Helmugatik 50 metrora hasi da Pello Alaphilippe aurerratzen, eta ondo gainditu du munduko txapelduna, garaipen handia lortzeko.

Etapak, bestelakoan, argi erakutsi du indartsuenak zein diren, 12-15 laguneko koadrila. Bertatik erori dira Higuita, Buchmann edota Gorka Izagirre, besteak beste. Dozena lagun horien artean handia da parekotasuna, eta inork ez dirudi sobera handiarekin. Roglic bera ere justu antzean ibili da Ozetan gora, baina ezin jakin justu zihoalako izan den, hala estutzea ez zuela merezi pentsatu duelako, ostera helmugarako tarte handia geratzen zelako. Roglic-ek ezkutari aparta du alboan, Vingegaard danimarkarra, baina INEOS taldeak azken etapan lanak eman diezazkiola ikusi da. Adam Yates izango da, ziurrenik, maldan gora, lasterketako ziklistarik indartsuena, eta erne britainiarrarekin.

Bihar laugarren etapa jokatuko da, Gasteizen hasi eta Zamudion bukatu, Bizkaian. 185 kilometro, eta hirugarren mailako bi mendate, eta bigarren mailako beste bi bidean. Urruztimendi eta Ganguren igoko dituzte azken 40 kilometroetan. Urruztimendik bi kilometro ditu ia, eta %11ko batez besteko pendiza, eta Gangurenek 6 kilometro %6.3ra, baina lehen erdia oso gogorra. Ihesaldiak arrakasta lortzeko aukera izan dezake, eta muturrekoak egongo dira bertan sartzeko.