EH Itzulia 2022

Izagirre eta Arrieta, txirrindulari indartsuenen taldean

Guaixe 2022ko api. 7a, 11:00

Igor Arrieta, helmugara iristen. KERN PHARMA

Txirrindulari sakandarrek bi minutu galdu zituzten Itzuliko asteazkeneko etapan, baina aurreko multzoan egon ziren ia bukaerara arte

Laudion hasi eta Amurrion despeditu zen Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapak tranpa asko zituela argi geratu zen atzo, asteazkena. Satarte hutsa izan zen. Opello (3. maila) eta Ozeka (2. maila) portuak bi aldiz igo behar izan zituzten txirrindulariak, errepide estu eta malda ikaragarriekin. Sare sozialetan bolo-bolo ibili dira maldan gora ezin eginik geldirik geratu zen motorraren irudia, edo autoen derrapeak. Egoera horretan ibili behar izan ziren txirrindulariak. Eskerrak ez zuen euririk edo elurrik egin. Esprintean Alaphilippe (Quick Step) eta Vlasov (Bora) txirrindularien aurrean Pello Bilbaok (Bahrain) lortutako garaipena historikoa izan da euskal txirrindularitzarendako. 

Itzulian dabiltzan bi txirrindulari sakandarrei dagokienez, biek bi minutu baino gehiago utzi zituzten atzoko etapan. Gorka Izagirre (Movistar) 20. izan zen, 2:20ra, bere lider Enric Masen alde lan bikaina egin eta gero. Mas aurrean egon zen, faboritoekin, eta pozik daude Movistar Team taldean. Bestalde, Igor Arrieta (Kern Pharma) 32. sailkatu zen, 2:25era, txirrindulari garrantzitsuen taldean. “Egun oso gogorra izan da, baina Igor Arrieta oso ongi ibili da, azkeneraino egon da txirrindulari indartsuenen taldean. Gainontzeko txirrindulariek ere maila ona eman dute, gure taldearen adorearen erakusle” nabarmendu du Juanjo Oroz Kern Pharmako zuzendariak. 

Sailkapen orokorrean Primoz Roglicek (Jumbo) jarraitzen du lider, 5 segundora Evenepoel (Quick Step) eta 14 segundora Vlasov (Bora) eta Yates (Ineos) dituela. Pello Bilbao (Bahrein) bosgarren da, 19 segundora, eta Ion Izagirre (Cofidis) zazpigarren, 20 segundora. Gure txirrindulariei dagokienez, Gorka Izagirre 18. postuan dago, 2:44ra, eta Igor Arrieta 34., 3:14ra. 

Gaurkoa
Gaur Gasteizen hasi eta Zamudion despedituko da Itzuliko laugarren etapa, 185,6 kilometrokoa. Lau mendate gainditu beharko dituzte: 3. mailako Vivero eta Jata, eta bigarren mailako Urruztimendi eta Vivero. Hasieratik etapa borrokatua izango dela aurreikusten da, ihesaldietarako aproposa baita.