Mendi lasterketak

Goikoetxea, Gasanz eta Karasatorre, Espainiako Trail Txapelketara

Guaixe 2022ko api. 7a, 12:30

Eukeni Goikoetxea, Leringo Trailean. C.SAN MARTIN

Lerinen jokatutako Nafarroako Trail Txapelketan egindako lan bikainari esker lortu dute Espainiako Trail Txapelketako txartela

Martxoaren 27an Pinares de Lerin Traila jokatu zen, aldi berean Nafarroako Trail Txapelketa izan zena. Bi distantziatan jokatu zen: 23 km eta 9 km. 23 kilometroko proba Jesus Mari Alegriak irabazi zuen eta bera dugu Nafarroako trail txapelduna (1:44:52). Ion Sola bigarrenari minutu eta erdi inguru atera zion (1:46:26). Lehendabiziko postuei erreparatuta, Eukeni Goikoetxea altsasuarra bosgarren sailkatu zen (1:49:08) eta Jabi Gasanz altsasuarra zazpigarren (1:56:42). Ioar Tabar unanuarra hamabosgarren sailkatu zen (2:06:21). 

Emakumezkoetan Ainara Alkuazek lasterketa ikusgarria egin zuen, absolutuan hamalaugarren sartu baitzen Nafarroako trail txapelduna izan zena (2:04:44). Eneritz Karasatorre etxarriarra seigarren sailkatu zen (2:23:00). 

9 kilometroko lasterketan Aritz Barberia (36:14) eta Henar Etxeberria (41:33) gailendu ziren. Asier Ansa altsasuarra bederatzigarren izan zen (39:50) eta Ane Escala etxarriarra 24. (56:42). 

Espainiakorako txartela
Lerinen egindako lan bikainari esker, maiatzaren 7an Bergan (Barcelona) jokatuko den Federazio Autonomikoen Arteko Espainiako Trail Running Txapelketan aritzeko txartela lortu dute Eukeni Goikoetxeak, Javi Gasanzek eta Eneritz Karasatorrek.