Maiatzean hiru mediku plaza beteko dira

Guaixe 2022ko api. 20a, 10:03
Altsasun osasun publikoaren alde egindako elkarretaratzea. ARTXIBOA

Gaur egun Altsasuko osasun eskualdean bi mediku daude eta seik egon beharko lukete.

Nafarroako lehendakari Maria Chivite Navascuesek ibarreko udal ordezkariei hilaren 4an jakinarazi zienez, “Altsasuko osasun eskualdean plaza finkoa duten hiru mediku lanean hasiko direla laster, asistentzia kalitatea hobetzen lagunduko dutenak, plantillaren behin-behinekotasuna murriztuz”. Nafarroako Osasun Plataformako Sakanako kideek Osasunbideako ordezkariekin bilera izan zuten martxoko azken astean eta jakinarazi zietenez, “hiru mediku horiek maiatzean hasiko dira lanean, ibarrekoak izanen dira eta horrek aukera emanen du mediku plaza horiek urteetarako betetzeko”. Joan den urtean 150 mediku plaza oposizio bidez betetzeko deialdia egin zuen foru administrazioak eta hura gainditu dutenak gaur egun zein tokitan ariko diren lanean aukeratzen ari dira. Ikusteko dago gobernuaren aurreikuspena betetzen den. 

Gaur egun Altsasuko osasun eskualdean bi mediku daude eta seik egon beharko lukete. Beraz, plaza bat betetzeko geldituko litzateke. Mediku horien lantokia honakoa da: 4 Altsasun, 1 Olatzagutian, 1 Altsasu-Ziordia. Eskualdeak 6 erizain ditu, medikuen banaketa berarekin. Horretaz aparte daude: pediatra, pediatriako erizaina, 4,5 administrari, gizarte langilea, bi fisioterapeuta, errehabilitazioko medikua eta X izpietako teknikaria.