Gaur jakinen da Haur Eskoletan greba eginen duten

Guaixe 2022ko api. 11a, 09:23

Hezitzaileak BaraƱainen egindako bilkuran. @0Navarra

Zentro guztietan gaurko batzar deialdia egin zen ostegunean eta hezitzaileek grebaren aldeko edo kontrako botoa emanen dute gaur.

Nafarroa 0-3 Plataformak deituta, haur eskoletako hezitzaileek greba batzarra egin zuten joan den asteazkenean. Hezitzaileek erabaki zuten sindikatuen ordezkaritzarik ez dagoen haur eskoletan batzar deialdiak egitea gaur grebaren inguruan botazioa egiteko. Beraz, gaur jakinen da haur eskoletako hezitzaileak maiatzaren 2tik aurrera greba mugagabea eginen duten edo ez. Emaitzaren arabera plataformak hainbat mobilizazio antolatuko lituzke. 

Bilerak 
Plataformako kideek jakinarazi dutenez, PSNk ezik, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten gainontzeko alderdi eta koalizioek beraien aldarrikapenekin bat egin dute. Hezitzaileek azaldu dutenez, PSNk bileran “tonua igo” zuen eta “bere estrategia mehatxuak erabiltzea eta erantzukizunik ez hartzea” izan zela gaineratu dute. Argitu dutenez, sozialistek “PSNk
eta Hezkuntzako 0-3 Zerbitzuak diote beraiek finantzaketa hitzarmenak sinatzen
dituztela udalekin, baina horiek direla ratioa jaitsi edo lan baldintzak hobetu ahal
dizkigutenak”. Hezitzaileek Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak esanak ekarri zituzten gogora: “udalek ez dute finantzaketaren %24 baino gehiago beren gain hartu behar”. 

Hezitzaileek azaldu dutenez, sozialistekin izandako bileran “zarata soziala jaisteko, lanik gabe uzteko, ziklo osoa Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroetara pasatzeko eta PAI Lehen ziklorako zabaltzeko mehatxua egin ziguten”. Nafarroako 0-3 Plataformakoek PSNko kideei berretsi zieten  greba bertan behera uzteko lan negoziazio mahai bat baino ez dutela nahi, “baina PSNk, beste batzuetan erakutsi duen bezala, ez du elkarrizketarako borondaterik”.

Erlazionatuak