Mank-ek, hautaproben bidez, bi hautagai zerrenda sortu nahi ditu

Guaixe 2022ko api. 13a, 11:15
Sakanako Mankomunitatearen egoitza.

Administrari ofizial eta garbitzaile lanpostuak aldi baterako betetzeko dira zerrendak. Maiatzaren 6ra arte aurkez daitezke eskabideak. 

Lanpostu hutsak betetzeko, laneko bajen ondoriozko behin behineko ordezkapenak egiteko, oporretan dauden langileen ordez aritzeko edota ibarreko erakunde zerbitzuak indartzeko unean uneko beste edozein behar betetzeko. Arrazoi horiengatik Sakanako Mankomunitateak hautagaiak aukeratzeko bi hautaproba jarri ditu martxan. Bi poltsak hautaprobako puntuazio ordena zorrotzaren arabera ordenatuko dira. Bi hautaprobetan parte hartzeko eskabideak eta dokumentazioa maiatzaren 6rako aurkeztu beharko dira. 

Alde batetik, administrari ofizial lanpostua aldi baterako betetzeko hautagai zerrenda osatzeko. Lan poltsa horretan egon nahi dutenek euskara C1 hizkuntza eskakizuna izan behar dute. Kontratatua den pertsonari Mank-ek administrazio kontratudun langile izaera emanen dio eta C mailari dagozkion ordainsariak gehi plantilla organikoaren arabera ezarritako osagarriak jasoko ditu. 

Eta, bestetik, garbitzaile lanpostua aldi baterako betetzeko hautagai zerrenda bat osatzeko. Postu horrek euskara B2 hizkuntza eskakizuna du. Eginkizun horretarako Mank-ek hartzen duen pertsonari administrazio kontratudun langile izaera emanen dio eta D mailari dagozkion oinarrizko ordainsariak ordainduko dizkio.