Arabako eta Nafarroako tren korridoreko 35 udal eta kontzejutako ordezkariek bilera egin zuten martxoaren 10ean, eta erabaki zuten egungo trenbide azpiegituren modernizazioa bulkatzeko toki entitateek erakunde ekimena martxan jartzea. Manifestu bat adostu zuten. Toki erakundeek idatzi horretan egungo trenbide azpiegituren modernizazioa bulkatzea eta egungo trenbide sarea birpentsatzea, salgaien eta bidaiarien garraioari benetako irtenbidea ematea, helmugako denborak hobetzea eta lurralde kohesioa eta egituraketa erraztea aldarrikatzen dute. Manifestua gaur egun Miranda de Ebro eta Iruñea artean proiektatutako abiadura handiko plataformek eragindako korridoreko kontzeju eta udal guztietan eztabaidatzen ari dira.
Iratxe Mazak (Andoingo alkatea), Joseba Koldo Garitagoitiak (Dulantziko alkatea) eta David Orozek (Urdiaingo alkatea) azaldu zutenez, “manifestuan gogorarazten da abiadura handiko proiektuak inoiz baino gehiago ari direla zalantzan jartzen erakunde eta instituzio asko”. Azkena Europar Batasuna izan dela aipatu zuten, “Europan barnako garraio sarearen erregelamenduaren berrikuspenaren esparruan proposatzen baitu abiadura handiko linea horien ordez egungo trenbide azpiegiturak modernizatzea”.
Bestetik, Europako Kontuen Auzitegiak ziurtatutakoa gogora ekarri zuten: “proiektatutakoa ez da 2030era arte bukatuko, gainkostuak eta atzerapenak arau bihurtu dira, eta agindutako abiadurak ez dira lortzen ari, ondorioztatzen baita horren guztiaren ondorioz Europako laguntza askoren xahutze larria sortzen dela, eta horrek arriskuan jartzen duela haien baterako finantzaketa”.
Udal ordezkariak martxoaren 10ean bilduta. UTZITAKOA
Ekinbidea
Manifestua sustatu duten toki erakundeek eta harekin bat eginen dutenek “konpromisoa hartu dugu gizarte mugimenduekin batera lanean jarraitzeko, gure lurraldearekiko errespetuzko konponbidea lortu arte, gure bizilagunen mugikortasun-beharrak asetzeko”. Eta aitortu zuten “herri plataforma guztiek egindako lana, gizartea tren publiko eta sozial baten alde informatzeko, sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko helburuarekin, garraiobide iraunkor, herrikoi eta demokratiko gisa, eta Abiadura Handiko Trenaren (AHT) ezarpenaren alternatiba gisa”. Ziurtatu zutenez, AHTk “ondorio larriak ekarriko bailituzke gure lurraldean, kalte sozial, ingurumenekoak eta ekonomiko itzulezinak eraginez”.
Trenaren aldeko herri plataformek eta Espainiako trenbide zentral sindikal nagusiek 2021eko maiatzean sinatutako akordioaz ere gogoratu dira udal ordezkariak. “Espainiako Gobernuari eskatu zioten trenbidearen egungo trazadurak egokitzeko eta hobetzeko, eta egungo trenbide proiektuaren plangintza birbideratzeko, prestazio handiko trenak egungo korridore hobetu eta egokituetan ibiltzeko”. Horri lotuta, eskatu zuten 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorretan jasotako 200.000 euroko partida azkar gauzatzeko. Haren bidez, “Burgos-Gasteiz-Iruñea-Zaragoza trenbide azpiegiturak hobetzeko eta egokitzeko informazio azterlan bat idazteko da partida hori, prestazio handiko trenen eta trafiko mistoaren (bidaiariak eta salgaiak) zirkulaziorako”.
Ekimenaren sustatzaileek jasotako babesekin Espainiako Gobernuarengana joko dute toki erakundeen iritzia jakinarazteko eta aurrekontuetan jasotako ikerketa egitea eskatzeko. Sakanan, momentuz Arruazuko eta Altsasuko udaletan onartu da idatzia, azken horretan Geroa Bairen abstentzioa eta EH Bilduren aldeko botoekin.
Martxoko bilera
Udal ordezkarien bilera hartan honako herrietako udal ordezkariak izan ziren: Arakil, Irurtzun, Uharte Arakil, Arruazu, Arbizu, Etxarri Aranatz, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordia.