Txirrindularitza

Uncilla eta Etxeberria Txapeldun

Guaixe 2022ko api. 8a, 12:00

Mikel Uncilla txapeldun eta Aimar Tadeo bigarren, Amorebietan. UTZITAKOA

Mikel Uncillak Amorebietako 58. Udaberri Klasikoa irabazi zuen larunbatean bere taldekide Aimar Tadeoren aurretik, eta igandean Asier Etxeberria gailendu zen Beran. Alex Lopetegi hirugarren sailkatu zen

Junior mailako Sakana Group-Aralar eta Quesos Albeniz-Burunda talde sakandarren asteburua bikaina izan da. 

Larunbatean Amorebietan 58. Udaberri Klasikoa jokatu zen, 92 kilometroko lasterketa gogorra. 187 txirrindulari zeuden izena emanda, baina horietatik soilik 51 txirrindulari iritsi ziren helmugara, euria, haizea, elurra eta bestek probaren zailtasuna izugarri gogortu zutelako. Mikel Uncilla etxarriarrak (Sakana Group-Aralar) lasterketa bikaina egin zuen eta meritu handiz bakarrik iritsi zen helmugara (2:25:06) bere taldekide Aimar Tadeo bigarrenari 18 segundo ateraz (2:25:24). 

Hurrengo egunean, Beran, Felix Errandonea Memoriala jokatu zen, 70 kilometroko lasterketa borrokatua, erasoz jositakoa. Azkenean hirukote bat iritsi zen batera helmugara eta hiruren artean azkarrena Quesos Albeniz-Burunda taldeko Asier Etxeberria izan zen (1:46:51). Sakana Group taldeko Alex Lopetegi hirugarren sailkatu zen, denbora berean. 18 segundora sartu zen talde nagusia, Aimar Tadeo buru zela. Bere taldekide Unai Garro bosgarren sailkatu zen eta Mikel Uncilla zazpigarren. Sakana Group-Aralarrek talde onenaren saria jaso zuen. 

Afizionatuak: Ailetz Lasa laugarren 
Igandean afizionatuen mailako Amorebietako Udaberri Klasikoa jokatu zen, Euskaldun txapelketarako baliagarria. Bere garaian Burunda Txirrindularitza Taldean trebatutako Hugo Aznarrek (Lizarte) afizionatuen mailan bere lehen garaipena lortu zuen. Laboral Kutxako Ailetz Lasa ziordiarra laugarren sailkatu zen.