Antton Zelaia Etxarri urdiaindarrak eta Mikel Astiz Erro ihabardarrak aspalditik Erroma eta Sakana bizikletan lotzeko asmoa zuten, baina ekimena erronka solidario bilakatu dute. Bicicletas Sin Fronteras Gizartez Kanpoko Erakundearendako diru bilketa egiten ari dira, Senegalera 25 bizikleta bidali ahal izateko. Antton Zelaiak eman ditu azalpenak.
Bizikletan Erroma eta Sakana lotzera animatu zarete.
Mikeli eta bioi kirola egitea gustatzen zaigu. Kirolariak gara. Ni korrika ibili izan naiz gehiago eta Mikel txirrindularitzatik dator, nahiz eta korrika eta igeri ere egiten duen, triatleta baita. Bizikletan ibiltzea ere gustuko dut, bereziki zikloturismoa egitea. Hau da, bizikleta hartu, zakutoak edo alportxak bete eta egun batzuk bueltaka ibiltzea. Berdin dio nora. Mikelek ere ibilbide batzuk egin izan ditu bizikletan, esaterako Transpirenaica, hau da, Kataluniatik Euskal Herriraino Pirinioak gurutzatu ditu. Ni Portugalen, Kanariar irletan, Donejakue bidean, Frantzian... toki askotan ibili naiz.
Aspaldiko ezagunak al zarete?
Ez, duela urte bat ezagutu genuen elkar, Andorran. Lagun batek, Sergio Garcia de Eulatek, triatloi proba bat prestatu behar zuen bertan, eta berarekin joatera gonbidatu gintuen. Lagunak egin ginen. 2021ean bizikletarekin etxetik atera, Galiziaraino iritsi eta Portugal beheraino jaitsi nintzen, Algarveraino, eta Mikelek eskatu zidan hurrengo zikloturismo bidaia nirekin egitea. Italiatik Euskal Herrira etortzeko ideia nuela aipatu nion eta elkarrekin ibilbidea prestatzen hasi ginen. Erabaki genuen Erromara hegazkinez joan eta handik maiatzaren 28an abiatuko garela bizikletan, hamabost egunetan etxeraino iristeko asmoz. 1.700 kilometro dira: Italia, Frantziako Kosta Urdina, Pirinioetako goialdea, Canal Du Midi, Frantziako Tolosa eta Euskal Herria. Hori da gure asmoa.
"Senegalen eskolak distantzia handira daudenez, gaztetxo askok ikasketak hasi baina uzten dituzte. Bicicletas Sin Fronterasen proiektu honekin, bizikleten bidez eskolaratzea sustatu nahi da"
Baina zuen zikloturismo bidaia erronka solidarioan bilakatu da.
Ia konturatu gabe ekimen solidario bat sustatu dugu. Bicicletas Sin Fronteras izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundearen (GKE) ibilbidea aurretik jarraitzen nuen. Bulkatzen dituzten proiektuak sekulakoak iruditzen zaizkit. Nire enpresatik, Egurdiain, sustatzaileekin, Roman eta Ines bikote kataluniarrarekin jarri nintzen harremanetan, Senegalen haurren eskolaratzea sustatzeko duten bizikleta proiektuan beraiekin kolaboratu nahi nuela esateko.
Zein lan egiten dute Senegalen?
Senegalen dagoen arazoetako bat da haurrei asko kostatzen zaiela institutura joatea, distantziak handiak direlako. 10km edo 15 kilometrora dute eskola, eta hori oinez joateko oso urruti da. Gaztetxo asko ikastetxera joaten hasten dira, baina gero utzi egiten dute. Senegalgo proiektu honekin, ikasi nahi duten gaztetxo horiei bizikletak alokatzen dizkiete, prezio oso sinbolikoan, euren konpromisoa lortzeko. Hau da, Bicicletas Sin Fronterasek bertako ikastetxe eta institutuekin hitzarmena du, eta ikastetxeak dira GKE-ri oso urruti bizi diren horrenbeste ikasle dituztela, eta horrenbeste bizikleta behar dituztela esaten dietenak. Orduan, Bicicletas Sin Fronterasek bizikleta horiek egiten ditu, Senegalera bidali, eta ikasleek alokatu egiten dituzte. Erakundeak ere Senegalen tailer txikia du, bizikletak konpontzeko. Oso ongi landutako proiektua iruditzen zitzaidan, eta duela hilabete bat nire enpresatik deitu nien, beraiekin kolaboratzeko.
Orduan sortu zen, beraz, Erroma-Euskal Herria erronka solidarioa?
Bai. Zaletasunen bat ote nuen galdetu zidaten eta bizikletan ibiltzea gustuko nuela aipatu nien, lagun batekin Erromatik abiatu eta Euskal Herriraino joateko asmoa genuela. “Bikain, zergatik ez duzue zuen zikloturismo martxa Bicicletas Sin Fronterasen aldeko erronka solidarioan bilakatzen, diru bilketa edo crowdfundinga egiteko?” proposatu zidaten. Eta nik ez dakidanez ezetz esaten, baiezkoa eman nien. Mikeli deitu eta berari ere ekimen bikaina iruditu zitzaion. Orain ezin dugu atzera egin (kar, kar…).
Zuen erronka solidariorako diru ekarpena edo crowdfundinga nola egin daiteke?
Mi grado de arena fundazioko webgunean sartu behar da. Hor zenbait GKE-en proiektuak daude jasoak, tartean gurea. Bilatzailean Sakana edo Egurdiain idatziz, gure erronka agertzen da: Roma-Sakana en bicicleta du izena, gazteleraz. Bertan sartuta, han egin daiteke ekarpena. Dagoeneko 3.005 euro jaso dira gure proiekturako. 25 bizikleta erosteko dirua bildu nahi dugu, 4.500 euro, eta oraindik 65 egun ditugu ekarpenak jasotzeko.
Bicicletas Sin Fronterasek Senegalera bidaltzen dituen bizikletak egiten dituela aipatu duzu.
Hasieran bizikleta zaharrak biltzen hasi ziren, baina, ez omen zen batere bideragarria. Gehiago kosta omen da bizikleta erabiliak jaso konpondu eta Senegalera bidaltzea berriak egitea baino. Beraien bizikleta propioa sortu zuten, eta Baobike izena jarri zioten. Baobab-a Afrikako zuhaitz bat da, oso handia. Baobike oso izen polita iruditzen zait. Bizikletak Turkian egiten dituzte, bertan duten tailer batean, hori kolorekoak dira, eta gero Senegalera bidaltzen dituzte. Bicicletas Sin Fronteras webgunean dago informazio guztia.
Senegalera 25 bizikleta bidali ahal izateko euren laguntza ematera animatuko al ditugu sakandarrak?
Jakina! Animatu daitezela, ekimen ederra delako.