Euskal Herriko Itzuliak txirrindulazale guztien nahia asebete du, ez baita emoziorik falta izan, Eibarren hasi eta Arraten despeditu zen azken etapan, etapa nagusian, bereziki. Euskal txirrindularitzaren festa izan da Itzulia, Pello Bilbaok (Bahrain) irabazitako etapari azken etapako Ion Izagirreren (Cofidis) garaipena gehitu baitzitzaion.
Azkenean Daniel Martinezek (Ineos) irabazi zuen Itzulia eta 11 segundora Ion Izagirre sailkatu zen. Vlasov (Bora) hirugarren izan zen, 16 segundora, eta Evenepoel laugarren, 21 segundora. Sakandarrei dagokienez, Gorka Izagirre (Movistar Team) 30. postuan sailkatu zen, 20:23ra, eta Igor Arrieta (Kern Pharma) 34. postuan, 23:59ra.
Gorka Izagirrek Enric Mas liderra laguntzeko lana egin zuen. Azken etapan eroriko gogorra izan zuen Masek, eta Gorka Izagirrek berak lagunduta lortu zuen etapa bukatzea, 3 minutura. Guztiz penatuta zegoen Mas liderra, sailkapen orokorrean aukerak zituelako.
Aldiz, pozago daude Kern Pharma taldean eta balorazioa oso positiboa dela zehaztu du Juanjo Oroz zuzendariak. Ibon Ruiz podiumera igo zen, ihesaldietan gehien iraun duen txirrindulariaren saria jasotzeko. “Itzulia maila handian hasi genuen, Ibon Ruizen ihesaldiarekin, eta azkeneko etapan ongi aritu gara. Igor Arrieta ihesaldian egoteko borrokatu da eta ongi bete du bere lana. Ongi aritu gara eta ez diogu World Tour kategoriari inolako beldurrik” azpimarratu du Orozek.
Euskaltel-Euskadi taldeko Jorge Azanza zuzendariak ere balorazio ona egin du. Talde laranjarendako “aste ahaztezina” izan da Itzulikoa, eta eskerrik beroenak eman dizkiete txirrindulazale euskaldunei eta marea laranjari.