EH Itzulia 2022

2022ko Euskal Herriko Itzuliko notak

Andoni Urbistondo 2022ko api. 11a, 21:11

10-tik 0-ra, Itzuliko protagonisten jarduna, zenbakitan.

10: Itzulia. Eta itzuliaren barnean, zaleei, antolatzaileei, ziklistei, emankizuna zuzendu duen Euskal Telebistari eskaini dituen irudi berriengatik. Ibilbideaz, egia da Arrateko etapak Itzulia lotzen jarraitzen duela azken egunera arte, eta Mallabiko aldapak arriskutsu bilakatu zirela euri tantekin, baina Itzulia ederra izan da, lehiatua, eta ikuskizuna erabatekoa izan da.

9: INEOS taldea: Iraganeko talde indartsua bueltatu ote da? Chris Froome SKY taldean egurrean aritu zenetik ikusi gabe ginen hain talde sendoa Erresuma Batuko estrukturan. Bereziki azpimarragarria izan da behinola izar distiratsu izan, eta azken aldian morrontzan fin-fin dabilen Geraint Thomas. Baita Omar Fraile santurziarra. Endoia eta Azurkin gora taldeko zazpi txirrindulariak, denak zihoazen tropel buruan, eta ezin hobe babestu dute Daniel Felipe Martinez-en garaipena. Nota on honek txar bat jasoko du gero.

8: Daniel Felipe Martinez: Etortzen ari zen pixkanaka, eta iritsi da. Dauphine ere irabazi zuen 2020an, baina erratzeko beldurrik gabe esan genezake gaur-gaurkoz Itzulia irabazteak Dauphine irabaztea baino prestigio handiagoa duela. Eutsi egin zion Hondarribiko erlojupekoan, eta Zamudion urrezko segundoak irabazi. Arrateko etapan etekin handia atera zion Remco Evenepoel-en lan itsuari, eta garaipen handia lortu.

7-Ion Izagirre: Bikain. Etapa eta podiuma, justu bere urte onenak pasata zeudela zirudienean. Adoretsu beti, kementsu, belaunikatzeko asmorik inoiz ez. Arraten irabazteak urrea balio du, eta euskal txirrindularitzari distira handia eman dio. Aste bateko itzulietan oso goian ibiltzeko hautagai indartsua dela berretsi du Ormaiztegikoak.

6: Pello Bilbao: Bufalu bat bada ezaguna, jada, Gerniken... Pello Bilbao-ri azeria esango diogu, aurkariei iskin egiteko duen iaiotasunagatik. Beste oilarrak baino koska bat beherago maldan gora, Ixuako lehen igoeran onenak harrapatu eta edonor akabatzeko moduko jaitsiera egin zuen Markinarantz. Etxekoak eta zaleok, errezatzen jarri gintuen, baino adore horrek pizten du zaletasuna, grina, beraz, txalo zarta handia Pellorentzat. Etapa dotorea irabazi zuen, gainera, Amurrion.

5: Remco Evenepoel: Izan ditu akats taktiko batzuk, azken etapan itsu-itsu hainbeste kilometrotan egurrean aritu izana jazarpenean, Martinez bere gurpilean eroso zihoanean, baino txaloak merezi ditu Golden Boy gazteak. Urkaregin behera Pello eta Ion baino azkarrago jaitsi zen, eta horrek esan nahi du maldan behera bere beldurrak uxatu dituela. Garrote latza dauka ordekan, eta bere jarrera ausartak txirrindularitza ederrestu du.

4: Primoz Roglic: Ez du neurririk eman, eta deigarria da. Faborito ia bakar zen abiapuntuan, eta Hondarribiko erlojupeko bikainak hala baieztatu zuen. Ondoren zalantzak sortu ziren, eta Mallabira bidean Itzuliak ihes egin zion. Belaunean mina ote zuen ere zabaldu zen. Instagram sarean Arrateko igoerako bideoa zabaldu du, eta euskal zaleen inguruan "best fans ever" idatzi. Alegia, inoizko zale onenak. Mutil jatorra Primoz.

3: Bigarren Mailako taldeak: Nota altuagoa merezi zuten, ziur aski, baina World Tour lasterketek oso gordin erakusten dute Lehen Mailan dauden, eta ez dauden taldeen arteko distantzia. Ibon Ruiz Kern-Pharmakoa garaipena lortzear egon zen Vianan, Mikel Iturria Euskadi Fundaziokoa ere saiatu zen Zamudiora bidean, baina World Tour mailan, garaipenak oso garesti daude.

2:Jonas Vingegaard: Nahi gabe eragingo zituen bi erorketak, baina teknikoki nahiko txirrindulari mugatua dirudi danimarkarrak. Mallabin gora Vlasov-en kontra joan zen zezenaren pare, eta helmugara oinez iritsi behar izan zuten biek ala biek. Arraten gora Ion Izagirreren aurrean gurutzatu zen, eta Ormaiztegikoaren erorketa eragin. Bizikletan ibiltzeko karneta atera beharko balitz, Vingegaard larri ibiliko litzateke...

1: INEOS taldea, Mallabiko etapan: Estrategikoki, etapa bikaina eurentzat: Carlos Rodriguezekin etapa, eta Daniel Felipe Martinez lidergotik gertu. Baina garaipenak lortzeko moduak eta moduak daude. Rodriguez bera damutua zen etapa irabazita, Marc Soler-i barkamena eskatuz, egin zuenagatik. Talde aginduak bete zituen, ez dut hori kritikatzen, denok egiten dugulako. INEOS-ek, Rodriguez-ek Marc Soler-i erreleborik ez emateko argudioa kataluniarra sailkapen nagusiko borrokan ez sartzea izan zen. Rodriguez-ek, baina, Soler dagoeneko Yates eta Martinez-entzat nagusian aurkari ez zela izango ziurra zenean jo zuen erasoa. Beraz, ez zuen erreleborik eman talde interesengatik, baina gero kupidarik gabe utzi zuen atzean Soler, etapa irabazteko. Alegia, taldeak interesa zuelako. INEOS-ek dena nahi zuen, eta ahalik eta indar gehien aurreztuz. Lortu zuen. Modu itsusian. Zer zeren gainetik dagoen... Nik garaipenak lortzeko moduei ere garrantzia ematen diet.

0: Aurreko polemikarekin lotuta. Sare sozialek asko ematen dute, eman didate. Saiatzen naiz errespetuz jokatzen, baina ez daukat kontuak blokeatu edo isilarazteko joera handirik. Mallabiko etaparen harira tentazio franko izan nituen. Egi bakarraren jabe direla uste duten aditu asko agertu dira twitter-en. Adituak, euren ustez, jakina. Iritzi askatasuna aldarrikatzen dut, errespetuz. Ez gehiago, ez gutxiago.