Pilota

Ezkurdia eta Zabaleta Buruz Burukorako prest

Guaixe 2022ko api. 12a, 10:20
Txillida Leku ikusgarrian aurkeztu zen Buruz Buruko Txapelketa. ASPE-PELOTA

Txillida Leku Museoan aurkeztu zuten pilota txapelketa nagusia. 12 pilotari lehiatuko dira, eta nobedade gisa final laurdenetan ligaxka jokatuko da. Final handia maiatzaren 29an hartuko du Nafarroa Arenak

Txillida Leku museo ikusgarrian aurkeztu zuten atzo, astelehena, 2022ko Buruz Buruko Txapelketa. Paraje ikusgarria pilota txapelketa garrantzitsuenerako. Txillida eskultorea, Realeko atezain izateaz gain, pilotaria ere izan zen, eta keinua eginez, aurkezpenerako bere museoa aukeratu du Buruz Buruko babesleak, CaixaBankek. Aipatu banketxeko finantza erakundeko Iparraldeko zuzendari Kepa Badiolak azaldu zuenez, CaixaBank Buruz Buruko Txapelketako babesle nagusia izango da beste hiru urtez gehiagotan. 

Buruz Burukoak bi nobedade nagusi izanen ditu. Garrantzitsuena da aurten final laurdenetako ligaxka jokatuko dela, kanporaketa zuzena izan beharrean. Horrek nolabaiteko kezka piztu du pilotariengan. Buruz Burukoa oso txapelketa gogorra denez, partida gehiago jokatuta eskuak ongi eutsiko duten da kezka. Beste nobedadea da finala Iruñean jokatuko dela lehen aldiz, Nafarroa Arenan. Maiatzaren 29an izanen da eta ezingo da atzerapenik eskatu. 

Asteburuan, final zortzirenak
Buruz Burukoa guztira 12 pilotarik jokatuko dute, tartean bi sakandarrek: Ezkurdiak eta Zabaletak. Zabaleta taldeburua denez, A multzoko final laurdenetako ligaxkan sartuko da lehian, Altuna III.arekin batera. Ezkurdiak A multzoan Agirreren kontra igandean jokatuko duen final zortzirena gainditu beharko du ligaxkan egon ahal izateko. Beste final zortzirena Urrutikoetxeak eta Dariok jokatuko dute ostiralean, Bastidan. 

B multzoari dagokionez, Rezusta eta Artola dira final laurdenetan lehiatzen hasiko diren taldeburuak. Larunbatean Lasok eta Peña II.ak final zortzirena jokatuko dute Lekeition, eta astelehenean Jaka eta Irribarriaren arteko final zortzirena hartuko du Eibarko Astelenak. 

Final laurdenetako ligaxkan hiru jardunaldi jokatuko dira eta multzo bakoitzeko bi pilotari onenak maiatzaren 14an eta 15ean jokatuko diren finalerdietarako sailkatuko dira. Bukatzeko, 3. eta 4. postuetako finala maiatzaren 22an jokatuko da, eta Buruz Buruko Txapelketako final handia, aldiz, maiatzaren 29an hartuko du Nafarroa Arenak.