Atakondoara 'Aniztasuna aberastasun' V. eskola lehiaketako sari bat

Guaixe 2022ko api. 13a, 08:56

Saritutako ikasleak. NAFARROAKO GOBERNUA

Lehiaketara 1.700 ikaslek baino gehiagok aurkeztutako 91 lanetatik 11 saritu ditu Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak. Horien artean dago Irurtzungo Atakondoa eskola publikoko Lehen Hezkuntzako 1. mailako gaztelaniako taldea.

Ezagutu nazazu gaia izan du "Aniztasuna aberastasun" V. eskola lehiaketak aurten. Haren sari banaketa astelehenean egin zen Iruñean eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariaren eta Martin Zabalza Bakea, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiaren eskutik saria jaso zutenen artean Irurtzungo Atakondoa eskola publikoko Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasgela zegoen. Haien mailan, gaztelaniazko atalean eskuratu zuten saria. 

Saritutako ikasleak beraiek izan ziren beraien lanak aurkezteaz arduratu zirenak. Izan ere, sari banaketa izaera ludiko musikaleko ekitaldi bat izan zen. Horrela, proposatutako gaiaren inguruan hausnartzen, eztabaidatzen eta sortzen parte hartu duten guztiei eskerrak eman zizkieten. Gobernutik gaztigatu dutenez, lehiaketara aurkeztutako lan guztiak, marrazkiak, argazkiak, testuak eta bideoak, Nafarroako ikastetxeetan eta liburutegietan zabalduko dira eta lan tresna bihurtuko dira.

Sari banaketan, Ollo kontseilariak nabarmendu zuen ikastetxeek konpromisoa, inplikazioa eta ilusioa dutela aurten ere proposamenaren deialdiari erantzuteko. Gaineratu zuenez, “aurten ‘ezagutu nazazu’ gaiaren inguruan lan egin duzue, eta agerian utzi duzue zein garrantzitsua den elkar ezagutzea; izan ere, elkar ezagutzea hurbiltzea da, eta elkarrekin aurrera egitea”. Egindako lanagatik ere zoriondu zituen. Zabalzak ikastetxeak zoriondu zituen aurten ere egin duten lan handiagatik, eta norabide horretan lanean jarraitzera animatu zituen.