Urbasako kanpinak berrikuntzekin abiatu du sasoia

Guaixe 2022ko api. 14a, 10:02

Bioitza kanpingeko bungalowak. UTZITAKOA

Komunak eta dutxak hartzen dituzten bi eraikinak berritu dituzte.

Bioitza kanpinak bere bezeroei eskaintzen dien zerbitzua hobetu ahal izateko, haren jabe den Nafarroako Gobernuak berrikuntza lanak egin ditu. Zehazki komunak hartzen dituzten bi eraikinak eraberritu ditu. Lan horien ondorioz elbarritasunen bat duten pertsonei egokitutako komunak eraiki ditu Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Departamentuak. Aurreko urteetan foru administrazioak ere beste berrikuntza batzuk egin ditu Urbasako turismo azpiegituran: edateko ura hartzeko putzua, energiaren autohornikuntzan laguntzeko eguzki plakak jartzea eta erabiltzaileen eta kanpin beraren komunikazioa hobetzeko telefonia mugikorreko antenak jartzea. 

Kanpinak martxoaren 10ean zabaldu zituen ateak. Biotza kanpinak gaur egun honako azpiegitura du: 90 pertsona har ditzaketen 14 bungalow (gela bikoitz edo hainbat gelatakoak, sei edota bederatzi pertsona hartzeko), 500 pertsona har ditzakeen kanpaldirako 50.000 metro karratuko azalera du, aisialdi gunea, barbakoa gunea, taberna-jatetxean 50 pertsonendako tokia, zerbitzu orokorren eraikina, erizaintza, aparkalekua, ibilgailu elektrikoak kargatzeko gailua, dutxa eta komunen eraikinak.