Haur eskolek greba eginen dute

Guaixe 2022ko api. 13a, 09:21

Hezitzaileen batzarra. ARTXIBOA

Maiatzaren 2tik aurrera mugagabeko greba eginen dute 0-3 zikloko hezitzaileek.

Zaintzen duten umeen kopurua txikiagoa izatea, hau da, ratioak jaistea, eta soldatak igotzea eskatzen dute aspalditik haur eskoletako hezitzaileek. Nafarroa 0-3 plataforman antolatuta beraien aldarrikapenak hainbat tokitan jakinarazi dituzte: Hezkuntza Departamentuan, Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren egoitzan (NUKF), alderdien egoitzetan, kalean… Baina haien eskaerei erantzunik ematen ez dietenez, astelehenean haur eskoletan egindako botazioan, maiatzaren 2tik aurrera greba egitea erabaki dute hezitzaileek. 

Greba proposamenak izan duen erantzuna ikusita, plataformako kideek botazioen emaitzen “oso balorazio positiboa” egin dute. “Aho batez erantzun diote greba deialdiari”, jakinarazi dute. Plataformak gogorarazi du Hezkuntza Departamentuarekin lan negoziazio mahai bat sortzea nahi dutela. “Egutegi eta konpromiso zehatzak izatea nahi dugu. Mahai hori sortzen ez den bitartean, mugagabeko grebaren deialdiarekin aurrera segitzen dugu”.

Plataformako ordezkariak NUKFeko ordezkariekin bildu ziren astelehenean. Bilera horrela laburbildu dute: “federazioak onartzen du 0-3 zikloaren inguruan dagoen desordena, eta eskatzen ari garen mahai bat sortzea beharrezko jo dute. Beraien ustez, zerbitzuari aurre egiteko 0-3az, eskumenez eta baliabide ekonomikoez hitz egin behar da”. Tokiko administrazioen eta hezitzaileen ordezkariek 0-6 dekretu berriak ekarriko dituen aldaketa guztien, ratioen, doakotasunaren eta langileen lan-baldintzen inguruko iritziak partekatu zituzten ere. Federazioko kideek grebagatik kezka azaldu zieten hezitzaileei. “Gure azken baliabidea dela adierazi diegu, baina Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak desordena hori konpontzeko duten jarrera eskasa ikusita, ez digute beste aukerarik utzi. Haserre samar agertu ziren kontseilariaren azken adierazpenekin ere, erantzukizun oro saihesten duelako eta udalak oso egoera deserosoan jartzen dituelako”. Federazioko kideek 0-3 zikloa aztertzeko bilera egin zuten atzo.