Automobilismoa

Opakuako Igoeran Garikoitz Flores azkarrena

Maider Betelu Ganboa 2022ko api. 14a, 12:00

Opakuako Igoeran ikuskizun polita eskaini zuten pilotu sakandarrek. Argazkiak: AVM

Opakuako Igoeran sailkatu ziren 58 pilotuen artean nagusitasunez gailendu zen Sakana Motorsporteko pilotu lakuntzarra. Bere taldekideak ongi ibili ziren

Sakana Motorsport eskuderian oso pozik daude, larunbatean Agurainen jokatutako Opakuako Igoeran eskuderiako Garikoitz Flores Aristorenak (Talex M3) garaipen sendoa lortu zuelako eta proban lehiatu ziren eskuderiako gainontzeko hiru pilotuek –Iban Lopez de Goikoetxea (R5 GT Turbo), Angel Gurmindo (Renault Clio Sport) eta Iker Askargorta (Opel Astra GSI)– lan ederra egin zutelako. 

Opakuako Igoeran sailkatu ziren 58 pilotuek lautan osatu behar izan zuten ibilbidea. Lehendabiziko bi mangak entrenamenduzkoak ziren, eta segidan bi manga ofizialak jokatu ziren. Pilotuek nahikoa buruhauste izan zituzten, gaueko eurien ondorioz entrenamenduko lehen mangan zorua bustita eta irristakorra zegoelako, eta zein gurpil erabili zalantzan egon zirelako, baina egunak onera egin zuen eta horrekin batera zirkuituaren egoera hobetu zen. 

Garikoitz Flores egoera aldakorrari primeran egokitu zen, Opakuako Igoerako lau mangatan nagusitu baitzen. Hirugarren aldian, hau da, lehen manga ofizialean egin zuen bere denborarik onena (2:25.508). Lakuntzarrak hegan egin zuen. Sailkapen orokorrean ia 2 segundo atera zizkion Aitor Mansori (BCR B49), 1.855 segundo hain zuzen ere (2:27.363), eta hirugarren Abel Lombardo izan zen (Dallara F395), 2:29.972, 4.464 segundora). 

Sakana Motorsport eskuderiako beste hiru pilotuk hartu zuten parte ere Opakuako Igoeran. Iban Lopez de Goikoetxea olaztiarra 26. postuan sailkatu zen (3:01.700), Angel Gurmindo olaztiarra 31. postuan (3:07.633) eta Iker Askargorta olaztiarra 37. postuan (3:10.860). 

Olaztiko Rallysprintera begira
Apirilaren 23an IV. Olaztiko Rallysprinta jokatuko da eta etxeko probari begira daude pilotu eta kopilotu sakandarrak. Lasterketa 13:00etan abiatuko da, baina bi ordu lehenago, 11:00etan itxiko dira bideak. Taldeek ibilbidea lau aldiz osatu beharko dute.