Zazpi urteren ondoren, apirilaren 23an IV. Olaztiko Rallysprinta jokatuko da, Sakana Motorsportek antolatuta. Eskuderiako kide Haizea Galarza Barandiaranek sakandarrak motorraren festan parte hartzera animatu ditu.
Nola animatu zarete atzera ere Olaztiko Rallysprinta antolatzera?
Azken edizioa 2015ean jokatu zen, eta gogo askorekin berreskuratu dugu. Betidanik guztioi asko gustatu zaigun proba da, etxekoa eta berezia, eta lan talde ona dugunez eta berriz ere antolatzeko aukera izan dugunez, aurrera egin dugu.
Urbasako Igoera mendi igoera da eta Olaztiko Rallysprinta lasterketa ezberdina, herriko kaleetan jokatzen delako.
Bi probak oso ezberdinak dira. Ezberdintasun nagusiak ibilbidea eta kopilotuen lana dira, rallysprintean kopilotuak paper garrantzitsua duelako eta talde lana egiten delako. Ibilbideari dagokionez, Olaztiko Rallysprinta herrigunean hasi eta herria zeharkatzen du, eta gero Urbasako Igoerako zati bat hartzen du, Altamirako bidegurutzeraino igotzen baita, baina bidegurutzetik behera jaisten da. Zati hori oso polita da, bihurgune asko dituelako eta paisaia ere polita dugulako.
Beraz, Rallysprinta ikusteko toki egokia izan daiteke?
Bai. Altamiratik beherako zati horrek bere xarma du. Bihurgune itxiak dituenez, pilotu eta kopilotuen lana asko ikusten da. Baina baita Olaztiko kaleetan eta bidegurutzeetan ere. Rallyak gustuko ditugu, eta hemen antzekoena rallysprinta dugu. Lasterketa ezberdina eta polita da.
"Automobilismoa eta bere inguruan sortzen den giroa gustuko dut, bizi dut eta emozioa sortzen dit"
Noiz hasiko da?
Segurtasun neurriak betetzeko 11:00etan bideak moztuko dira eta rallysprintari 13:00etan emango zaio hasiera. Partaideek lau aldiz osatu beharko dute ibilbidea, orduka abiatuta. Azken unera arte, errekonozimenduen eguna iritsi arte, isilpean mantentzen dugu ibilbidea, baina aurreko edizioetako antzeko formatua izango du. Aldaketa nabarmenena da aurten autoen asistentzia gunea ez dela herri gunean izango, Olaztitik Ziordia bitarteko industrialdean baizik, espazio arazorik ez izateko.
Nolako parte hartzea espero duzue?
Aurten 50 autoren muga jarri dugu. Kopurua betetzea espero dugu, pilotuak eta kopilotuak gogotsu daudelako.
Proba egunean zein lan egingo duzu?
Unean behar den tokian lan egingo dut, inolako arazorik gabe.
Batzuetan komisarioa zara. Zein lan egiten du komisario batek?
Lasterketako zuzendaria probako arduradun nagusia da, berak hartzen ditu unean hartu beharreko erabakiak: probari hasiera eman, proba eten… Komisarioak, nolabait, zuzendariaren begiak dira, zerbait gertatu bada zer gertatu den esango diotenak. Esaterako, istripua egon bada, partaideak eta autoa nola dagoen, lasterketak aurrera jarraitu dezakeen edo ez, anbulantzia behar den edo ez esango diona, zaletuen segurtasuna bermatzeko abisuak edo gomendioak emango dizkiona… Komisarioek paper oso garrantzitsua dute lasterketetan. Komisarioak lasterketaren begiak izateko eta segurtasuna bermatzeko daude. Eurak gabe, ezingo litzateke lasterketa egin.
Sakana Motorsport eskuderian talde polita zaudete lanean.
Lasterketak antolatzen hamar-hamabi lagun inguru gabiltza, Olazti, Bakaiku, Lakuntza, Arbizu… herri askotakoak, eta gogotsu gaude. Zerbait nahi badugu, horretan lan egin beharko dugu, ez dago besterik.
Lasterketa egunean eta baita aurretik eta ondoren boluntarioen laguntza beharko duzue, ezta?
Bai, eskuderian gauden kide guztion artean ezin ditugu lasterketa batek dakartzan lan guztiak egin, asko baitira. Komisarioak boluntarioak dira, eta baita muntaia lanetan eta biltze lanetan laguntzen diguten pertsonak ere. Olaztiko jende askok parte hartzen du antolaketan, baita beste herrietako jendeak ere, eta guztiei emandako laguntza eskertzen diegu.
Gutxika emakume gehiago zaudete automobilismoan, baina oraindik mundu maskulinoa izaten jarraitzen du.
Geroz eta emakume pilotu eta kopilotu gehiago daude, eta komunikabideei esker, hori gehiago azaltzen da. Emakume batek pilotu edo kopilotu izan nahi badu, horrek asko animatzen du, gehiago badaudela ikusteak. Baina Rallyetako munduan beti emakumeak egon izan dira, ageriko lana eta ezkutukoa egiten. Nik antolakuntzan emakume asko ezagutzeko aukera izan dut.
Sakana Motorsporten zu emakume bakarra al zara?
Ez, bi neska gaude.
Kopilotu edo pilotu al zara?
Ez, automobilismo zalea, besterik gabe. Hau txikitatik ezagutu izan dudan zerbait da, erakarri izan nauena. Inguruan lasterketetako autoak ikusi izan ditut, Urbasako Igoera hemen bertan jokatzeak ere eragina izan du eta Bakaikun mundu honetan dabiltzan lagunak baditut. Katxarro Eguna ere antolatzen dugu, eta saltsa honetan ibiltzen gara.
Askok ez dute kirol kontsideratzen.
Haiei gonbidatuko nieke lasterketa bat zer den eta zer suposatzen duen probatzera. Automobilismoan esfortzu fisikoa dago, prestaketa dago, betebeharreko neurriak daude… gainontzeko kiroletatik ez dut horren ezberdin ikusten. Automobilismoa eta bere inguruan sortzen den giroa gustuko dut, bizi dut eta emozioa sortzen dit.
Sakandarrak apirilaren 23an Olaztira hurbiltzera animatuko dituzue?
Jakina! Guztiak gonbidatuta daude. Ongi pasako dugu. Sekulako giroa egongo da eta eguraldiak laguntzen badu, askoz hobe.