Txirrindularitza

Unzilla eta Villalobos juniorren podiumean eta Gomez kadeteenean

Guaixe 2022ko api. 13a, 10:45

Larunbatean Altsasuko kadeteen 34. Burunda Trofeoan bigarren sailkatu zen Quesos Albenizko Iker Gomez eta igandean Altsasuko juniorren 63. Erramu Trofeoan Sakana Groupeko Mikel Uncilla bigarren sailkatu zen eta Ander Villalobosek tartekako helmugen saria jaso zuen

Altsasu txirrindularitza gunea izan zen asteburuan, bi lasterketa jokatu zirelako. Larunbatean kadete mailako 34. Burunda Trofeoa jokatu zen, izen bereko klubak antolatutakoa. 51 kilometroko lasterketan Altamira behin igo behar izan zuten txirrindulariek eta helmugara 21 txirrindulariz osatutako taldea iritsi zen batera. Esprint estuan Eñaut Urkaregi (Danena) gailendu zitzaion Quesos Albeniz-Burunda taldeko Iker Gomezi (1:17:24). Gomezen taldekide Ekain Imaz Top-Tenean sailkatu zen, zazpigarren izan baitzen. 

Guztira 92 txirrindulari sailkatu ziren. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Oihan Gorriti (Sakana Group) 46. sartu zen, Andoni Yerai Bedoia (Quesos Albeniz) 64., Jon Aierbe (Quesos Albeniz) 69., Eñaut Oiarbide (Sakana Group) 70., Ekaitz Perez (Quesos Albeniz) 74. eta Hegoi Garcia (Quesos Albeniz) 78. Lasterketako talde onenaren saria Caja Rural-Ikolan-Beasain taldeak jaso zuen eta mendiko eta tarteko helmugen saria, berriz, Ander Gonzalezek. 

Unzillaren esprinta
Igandean 63. Erramu Trofeoan neurtu zituzten indarrak junior mailako txirrindulariek. 88 kilometroko proban, Altamira hirutan gainditu behar izan zuten, azken bi igoerak segidan. Mugimendu askoko lasterketa izan zen, oso azkarra, batez beste orduko 40 kilometroko abiaduran jokatu zena, eta azkenean hirukote bat iritsi zen helmugara (2:23:40). Esprint luze bezain ikusgarrian Xabier Zabala (Alimco Campagnolo) gailendu zitzaien Mikel Unzilla etxarriarrari (Sakana Group) eta Ibai Azanzari (Vizcay Hermanos). Adrian Martinez lakuntzarra (Sakana Group) zazpigarren sailkatu zen, 3:32ra. 

Gainontzeko sakandarrak txukun ibili ziren. Asier Etxeberria (Quesos Albeniz) 12. sailkatu zen, Ander Villalobos (Quesos Albeniz) 14., Aritz Oiarbide (Sakana Group) 17., Manex Zufiaurre (Sakana Group) 22., eta Alex Lopetegi (Sakana Group) 25. 

Talde onenaren saria Alimco Campagnolok lortu zuen. Bigarren izateaz gain, mendiko trofeoa irabazi zuen Mikel Unzillak eta Ander Villalobos altsasuarrak tartekako helmugaren saria lortu zuen.