Poesiaren botere komunikatzailea

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko api. 20a, 12:59

Inma Biurrun poeta eta Adyta Valdés pianojolea Ollokin egindako errezital batean. UTZITAKOA

Inma Biurrun erronkak gustatzen zaizkion poeta da. Hitzaren boterean sinisten du eta horregatik "eramaten nauen" poesia egitea gustatzen zaio. Adyta Valdés pianojolearekin poesia errezital musikatua eginen du Ihabarren.

Apirilaren 23an Liburuaren eguna izango da eta horren harira literatur ekitaldiak antolatu dituzte hainbat herritan eta liburutegitan. Arakilen, esaterako, poesia errezital musikatua eginen dute apirilaren 23an bertan, larunbatean, 18:00etan, Ihabarko Kontzeju etxean. Inma Biurrun poetak haren poesiatik ibilbidea eginen du, Adyta Valdés pianojoleak musikarekin laguntzen duen bitartean.

Poesia Biurrunen "pasioa" da. "Hitzaren maitemindu bat naiz eta, ez hori bakarrik, hitzaren boterearekin konbentzituta nago. Ez bakarrik poesian, arlo guztietan boterea duela sinisten dut. Gutun batek ongi argudiatuta botere handia du, elkarrizketa batetik zerbait oso handia atera daiteke". Hitzaren edertasunean eta funtzionaltasuanean sinisten du ere. Poesia, beraz, sentimenduen eta ideien komunikatzailea dela argudiatu du idazleak. "Ideologia asko egon daiteke ere". Bere azkenengo poemarioan, esaterako, emakumezko pertsonaiak eta memoria historikoa asko landu du. "Ezagunak ez diren emakumezkoak azaleratu nahi izan ditut, eta memoria historikoa balorean jarri behar dela uste dut".

"Poema bat egiten dudanean emozionantea eta unibertsala izatea eskatzen diot". Lehenenego etapa batean poesiaren bidez sentimenduak kanalizatzen zituela azaldu du, baina orain bere poesia "xumea baina sakona" izatea bilatzen du, "xumea ez duelako sinple esan nahi". "Benetazkoa" izan behar du.

"Poema bat egiten dudanean emozionantea eta sakona izatea bilatzen dut"

Biurrun poesia tailer batean dago eta bertan ariketa desberdinak egitea eskatzen diete. "Bat-batean esaten dizute poema fiesta bat sortu behar duzula, estilo bat dela, eta bitxia da sortzeko zirikatzen zaituztelako, baina gero konturatzen zara zuk dagoeneko baduzula horrelako poema bat eta, orduan, hobetzen duzu, azaleratzen duzu...". Horren adibidea da Amor odio poema. "Espektatiben apurketa teknikarekin eginda dago. Asko gustatzen zait teknika hori. Jendeak espero du gai jakin bati buruz izatea eta gero espektatibak apurtzen ditu, eta beste gauza baten inguruan ari zara". Telefono mugikorren inguruko poema bat da.

Poesia
"Niri poesia gustatzen zait, baina gehien gustatzen zaidana da nora eramaten nauen poesiak". Biurrunek meta-poesia egiten duela esan daiteke ere, izan ere, bere lana antolatzen hasi denean izenburu "politak" sortu zaizkio: "Emakumezkoei buruz ari direnak Femenino singular deitu diet, bidaiei buruzko poemak Viajar en verso...".

Arakilen eskainiko duen errezitalean "denetarik" egonen dela esan du poetak. "Hasiera batean emakumezkoen poemak eramatea pentsatu nuen, baina anitzagoa izanen da". Haren poesiatik ibilbide bat eginen du. Aste honetan zehar Adyta Valdés pianojolearekin elkartuko da eta bien artean errezitatuko dituen poemak begiratuko dituzte. "Femenino singular bildumatik egonen dira, haikuak egonen dira, bidaien ingurukoak... Eta ez ditut maitasun poema asko sortzen, baina agian baten bat sartuko dut ere".

Poesia errezital bat poeta batek bere poemak edo poeta ospetsuen lanak aurkezteko ekimen bat da. Kasu honetan, Biurrunek bere poemak errezitatuko ditu, eta, gainera, musikarekin lagunduta egotea gustatzen zaio. Arakilen Valdésen laguntza izanen du, Nafarroako Dantza Eskolako piano laguntzailea dena. Baina idazleari erronkak gustatzen zaizkio eta aurrekoan bermut poetiko batean parte hartu zuen, tronpetarekin lagunduta. "Egia esan, beldurra nion. Kuadrilla bazkari batean sortu zen, poema bat errezitatzeko esan zidaten eta tronpetajolea ondoan zegoenez, jotzen hasi zen". "Puntazo" bat izan zela esan du, tronpetarekin errezital bat egitea "oso arraroa" delako.

Errezital musikatua
Normalean, musika klasikoagoa edo lirikoagoa erabiltzen da poesia ekimenetan. Biurrunek, esaterako, biolontxeloarekin edo pianoarekin egin ohi ditu. "Normalean oso lasai joaten naiz errezitaletara, gehien bat bakarrik errezitatu behar dudanean". Musikariekin joaten denean, aldiz, "urduriago" joaten da. "Adytarekin dagoeneko konfiantza handia diogu elkarri, eta berarekin lasai joaten naiz. Baina biolontxeloarekin joaten naizenean ere pixka bat urduri joaten naiz, eta tronpetarekin...". Hala ere, hurrengo urratsa emateko prest dago: "Bermuta ikusi ondoren lagun batek esan zidan saxofoia ikasten ari dela eta datorren urterako laguntzeko prest egonen dela".

"Batzuetan jendea harritzen da erabilitako errekurtso eta hitzekin"

"Denetarik pixka bat egiten dugu. Esaterako, tronpetarekin egin nuenean tronpetajolea tabernan zegoen eta ni urrunean nengoen errezitatzen, baina ondoren nire ondoan jarri zen eta sordina jarri zion. Biak batera aritu ginen eta gero nik errezitatzen nuen eta berak erantzuten zuen". Poesia errezital musikatuetan poemak eta musika piezak uztartzen dira, batera aritzen dira edo bata besteari erantzuten diotela azaldu du Biurrunek. "Adytarekin hori egiten dugu. Batzuetan bera hasten da musikarekin eta gero nik jarraitzen dut, bestetan ni hasten naiz hitzarekin eta behin utzi zidan poema ia oso irakurtzen eta bukaeran hasi zen pieza bat jotzen bukatu zuen arte". Musikariek sortutako piezak eta abesti ospetsuak tartekatzen dituzte ere.

Errezitala bukatzean "solasalditxoa" egitea gustatuko litzaioke poetari. "Batzuetan jendea harritzen da erabilitako literatura errekurtsoekin edo hitzekin, eta poesiak ere baditu helburu didaktikoak".