Aberri Egunerako deialdiak

Guaixe 2022ko api. 14a, 13:35

Nafarroako bandera eta ikurrina balkoi batean. ARTXIBOA

Hainbat eragilek igandean ospatuko den Aberri Egunean parte hartzera deitu dute.

Eusko Alderdi Jeltzaleak bere afiliatu eta zaleak Bilbora deitu ditu igandean, 11:30ean, Plaza Barrian eginen den ekitaldian parte hartzera. Han hizlari ariko dira hizlari izango ditu Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarraren presidentea. EAJk nabarmendu du Aberri Egunaren 90. edizioa dela aurtengoa. Bezperan, larunbatean, EAJren Iparraldeko, Gipuzkoako eta Nafarroako ordezkaritza esanguratsuak Hendaian elkartuko dira Bidasoako Aberri Eguna ospatzeko. Ekitaldian jeltzaleek Antoine d´Abbadie omenduko dute haren heriotzaren 125. urteurrenean, Zazpiak Bat goiburuaren aitzindaria izan baitzen. Bertan elkartuko dira NBB, IBB eta GBBko ordezkari esanguratsuak.

EH Bildu koalizioak Iruñean ospatuko du Aberri Eguna. Igandean, 12:00etan, Golemetik manifestazioa abiatuko da, Sarasate pasealekuraino. Han Joseba Asironek, Iruñeko zinegotziak, Izar Hernandok, EH Bilduko Gazte Idazkariak, eta Arnaldo Otegik, EH Bilduko Koordinatzaile Nagusiak, hartuko dute hitza. EH Bilduk aldarrikapenarekin batera ospakizun eguna bihurtu nahi du Aberri Eguna eta, horregatik, ekitaldi politikoa bukatu ondoren, musika, dantza, kale animazioa eta bestez osatutako egitaraua antolatu du hainbat Iruñeko kale eta plazetan.  

ELAk Aberri Egunean parte hartzeko deia egin du: “Euskal Herria geure balio sindikalen bueltan eraikitzen jarraitzeko konpromiso militantea berresteko aukera ematen digu Aberri Egunak”.

LABek bere kidegoari Aberri Egunaren testuinguruan Euskal Herria Baterak ekimenak eta EH Bilduk eta EH Baik deituriko manifestaldietan parte hartzeko deia luzatu dio.

Jardun koordinadorak Gernikan ospatuko du Aberri eguna. 12:30ean manifestazioa abiatuko da Merkurio plazatik. Ondoren ekitaldi politikoa eginen dute eta 14:00etatik aurrera kontzertuak izanen dira. 

Ernaik Zugarramurdi eta Elizondo arteko martxan antolatu du ostegunetik igandera. Azken egun horretan Iruñeko deialdiarekin bat eginen dute gazte erakundeko kideek. 

Euskal Herria Batera ekimenak 2022ko Aberri Egunean "keinu bateratua" egiteko deia egin du "euskal komunitatea bizirik" dela sentitzeko. Igandeko "ikurraldian" parte hartzea eskatu dute, hau da, balkoietan ikurrinak edo Nafarroako banderak zintzilikatzera, "herritarron esku baitago euskal komunitatearen ospakizuna antolatzea eta ikurrak lau haizetara banatzea".