Txirrindularitza

Igor Arrieta Alpeetan egindakoarekin "oso kontentu"

Guaixe 2022ko api. 25a, 12:21

Kern Pharmako txirrindularia laugarren sailkatu zen Alpeetako Tourreko Lienzeko azken etapa gogorrean

19 urte ditu eta profesional mailako bere debutean gauzak oso ongi egiten ari da Igor Arrieta Lizarraga uharte arakildarra (Kern Pharma). Apirilaren 18tik 22ra jokatutako Alpeetako Tourrean lan bikaina egin zuen Arrietak. Lienzen jokatutako azken etapa gogorrean laugarren sailkatu zen, Thibaut Pinot (Groupama), David de la Cruz (Astana) eta Lennard Kämna (Bora) txirrindularien atzetik. Romain Bardetek (Team DSM) irabazi zuen Alpeetako Tourrean 34. sailkatu zen Arrieta. 

“Egun oso gogorra izan zen, eta oso kontentu nago lortutakoarekin. Ihesaldian sartu nintzenean, lehendabiziko portuak selekzio estuagoa egingo zuela uste nuen eta horrela gertatu zen. Hoberenekin aurrean egoteko aukera izan nuen. Jende oso ona zegoen, eta laugarren postuarekin oso kontentu nago” azaldu du. “Igorrek soilik 19 urte ditu eta duen maila ikusgarria da. Oraindik hobetzeko tartea duela kontuan hartuta, harrigarriagoa” azaldu zuen Jon Armendariz Kern Pharmako zuzendariak. 

Gorka Izagirre klasiko handietan
Gorka Izagirre (Movistar Team) Ardennesko klasiko handietan ari da parte hartzen. Apirilaren 20an bere lider Alejandro Valverde laguntzeko lan handia egin zuen Fleche Wallonnen. Valverde bigarren sailkatu zen, eta Gorka Izagirre 62. Atzo, igandean, Lieje-Bastogne-Lieje klasikoan lehiatu zen eta 70. sailkatu zen ziordiarra, zazpigarren sailkatu zen Alejandro Valverde liderraren alde lan egin eta gero.