Pilota

Uste baino gogorragoa ez ote den

Guaixe 2022ko api. 25a, 13:11
Ezkurdiaren eta Zabaletaren arteko partida tentsio handikoa izan zen. IÑAKI PORTO

Buruz Buruko final laurdenetako ligaxka estu hasi da. Ezkurdiak lehen puntua lortu du, tentsio handiko partidan Zabaletari tanto bakarragatik irabazi eta gero. Gaur despedituko da lehen jardunaldia, Lasok eta Artolak Zumaian jokatuko duten partidarekin

Buruz Buruko final laurdenetako ligaxka espero baino estuagoa, ikusgarriagoa eta gogorragoa izaten ari da. 

Ostiralean, Bergaran, Jakak 22 eta 14 irabazi zion Rezustari, partida bikainean. Larunbatean Labriten bildutako pilotazaleak oraindik ere ez dira Zabaletak eta Ezkurdiak jokatutako partida gogor eta ikusgarriaz errekuperatu ere egin –21 eta 22 irabazi zuen Ezkurdiak, bi pilotariak jota bukatu zuten erresistentziako partidan–. Bihotza estuturik izan zuten pilotazale sakandarrek, azken unera arte Zabaleta eta Ezkurdia parean egon zirelako. Zabaletak jotzaile aparta dela erakutsi zuen, eta Ezkurdiari, aldiz lotuta ikusten zitzaion. Hala ere 7 eta 12 aurreratu zen arbizuarra, baina aurrean ez zuen gehiegi arriskatu eta horrek mesede egin zion Zabalerari, 15 eta 16 hurbildu baitzen. Hortik aurrera partida izugarri gogortu zen. 21 era berdinduta, azken tantoak erabaki zuen eta gantxoak eman zion garaipena arbizuarrari. “Puntua lortu izanagatik kontentu nago, baina hobetu beharra dut; entrenatzen ditudan sentsazioak ez ditut sentitu” nabarmendu zuen Ezkurdiak bukaeran. 

Zabaletak jota bukatu zuen. “Gorputzean nerbioak nabaritzen nituen eta gorputza lotuta nuen, baina azkenera arte sufritzen jakin dut” azaldu zuen Etxarrengo atzelariak. 

Atzo, igandean, Altuna III.a 22 eta 19 gailendu zitzaion Dariori kontrako 13 eta 19ari buelta eman eta gero. Izan ere, Altuna ez da inoiz gutxietsi behar. Final laurdenetako lehen jardunaldiko azken partida gaur, astelehena, jokatuko dute Artolak Eta Lasok Zumaian, 17:30etik aurrera. 

Datorrena
Asteburuan ligaxkako bigarren jardunaldia dago jokoan. Joseba Ezkurdiak Altuna III.a izango du aurkari, igandean, maiatzaren lehenean Eibarko Astelenan jokatuko den partidan. Zabaletak, aldiz, Dario izango du aurkari maiatzaren 3an, asteartearekin, Legazpin. Sarrerak salgai daude ohiko webguneetan. Beste bi partidak zeintzuk diren zehazteke dago, baina ostiralean lehena jokatuko da Oiartzunen, eta larunbatean, bigarrena, Labriten.