Jaibusa hurrengo astean bueltatuko da

Guaixe 2022ko api. 27a, 15:01

Jaibusa hartzen. ARTXIBOA

Iturmendiko Sanmigelak eta Altsasuko Alde Zaharreko ospakizunekin batera jarriko da martxan. Trafiko istripuak murrizteko helburua du eta edozein sakandarrek erabil dezake. 16 eta 17 urteetako adin txikikoek familia baimena izan beharko dute.

Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren, gizartera “normaltasuna” bueltatzen ari denean, eta herrietan festak hastearekin batera, Jaibus zerbitzua bueltatuko da, maiatzaren 7an Iturmendin San Migel eta Altsasun Alde Zaharreko festak ospatzen dituztelako. Ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eskaintzen dute Jaibus zerbitzua. Gaueko autobus zerbitzuak jaiegunetan herrietako festetara parrandan joan direnei etxeratzeko erraztasunak eman eta trafiko istripuak murrizteko baliabidea izan nahi du. Horrekin batera, sakandarrak kontsumoen inguruan autokontrolari buruzko kontzientziatzea du helburu, baita kontsumitu ondorengo jokabideei dagokienean ere, esaterako, kontsumitu ondoren autoa hartzea.

Sakandar askok uste dutenaren kontra, Jaibusa gida baimena dutenei, hau da, adinez nagusi direnei zuzendutako garraio zerbitzua da. Ez gaztetxoendako zerbitzu esklusiboa. Kontu jakina da gazteak inguruko herrietako festetara joaten direla, horrek dakartzan arriskuekin (autoan edaten duten pertsonekin ibiltzen badira...). Horregatik, 16 eta 17 urteetakoei erabilera baimentzeko salbuespena egiten da Jaibusean.

Baimen eskaera 
Jaibusa erabili nahi duten 16 eta 17 urteko gazteek beraien familien baimena izan beharko dute. Hori haien gurasoek edo legezko tutoreek egin beharko dute haien eremuko oinarrizko gizarte zerbitzuan, adingabearen argazki bat eramanez eta inprimaki bat betez. Prebentzio programako teknikariek azpimarratu dutenez, “zenbat eta gazteagoa izan eta kontsumo guneetan denbora gehiago pasa, orduan eta aukera gehiago dago kontsumitzeko eta haiekin arazoak izateko”. Etxeko gazteendako baimena eskuratu nahi duten gurasoek beraien eskualdeko oinarrizko gizarte zerbitzuen egoitzara jo beharko dute. 

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen egoitzak 

  • Irurtzungo aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak
    Irurtzungo udaletxeko lehen solairuan. Telefonoa: 948 600 694.

  • Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak
    Etxarri Aranazko kultur etxeko bigarren solairuan. Telefonoa: 948 460 752. 

  • Burunda mendebaldeko aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak
    Altsasuko Garbitoki egoitzako azken solairuan dago. Telefonoa: 948 467 662.