0-3 Plataformak haur eskoletako greba deialdiari eutsi dio

Guaixe 2022ko api. 28a, 10:24
Haur eskolen duintasunaren alde egindako bilkura. ARTXIBOA

Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin bileran gonbidatu bezala parte hartu du. Negoziazio mahaiko kide moduan onar dezatela exijitzen du.

Nafarroako 0-3 Plataformak maiatzaren 2tik aurrera haur eskoletan deitu duen grebari eustea erabaki du, Foru Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin (NUKF) bilera egin eta gero. Izan erę, plataformako kideen iritziz atzoko bileraren ondoren "ez dago ezer idatzita, ez dago konpromiso irmorik, ez dago helburuez hitz egiten duen egutegirik, ez dago ezer argi". 

Bestalde, EH Bilduko dozena bat alkate eta zinegotzik agerraldia egin zuten atzo. Tartean ziren Uharte Arakilgo Martze Villanueva Palacios zinegotzia eta Arbizuko alkate Frc. Javier Razkin Flores. Koalizioko kideek haur eskolen gatazkan bere erantzukizuna onar dezala eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Egungo finantziazioarekin, 0-3 ziklo duin eta kalitatezkoa ezinezkoa dela salatu dute.

EH Bilduko hautetsien iritziz Nafarroako Gobernuak udalengan jartzen du haur eskolen kudeaketa osoaren zama baina horretarako ez du nahiko finantziaziorik ematen. Ondorioa, zerbitzu pribatizatuak, garestiak eta herri batetik bestera sobera ezberdinak. Horregatik, ereduetan uniformetasuna lortzeko finantzaketa sistema nahikoa eskatu zuten, kudeaketa publikoaren aldeko apustua eginez. Gaztigatu zutenez, moduluen finantzaketa %3,27 eta %3,89 artean baino ez da handitu azken 10 urteetan, eta KPIa, berriz, ia %15 igo da. Horrek esan nahi du udal askok zerbitzua kanpora atera behar dutela, Nafarroako zentroen kudeaketa-eredu desberdinak sortuz, eta are gehiago sakontzen du horrelako ziklo batek dakartzan arazoetan.