Maiatzean 20.000 km egiteko erronka

Guaixe 2022ko api. 6a, 11:33

Aixitako tontorretik preso eta iheslarien etxeratzea eskatzen. ARTXIBOA

Preso, iheslari eta deportatuak etxeratzea eskatzeko Sarek sakandarrei hurrengo hilabetean km kopuru hori egitera gonbidatu ditu. Bizikletan, igerian, korrika, oinez, patinetan, arraunean… egin daitezke.

Sakanako Sarek Baietz 20.000 km maiatzean ekimena antolatu du eta sakandarrak bertan parte hartzera gonbidatu ditu. Koadrila, lagun, kirol talde eta norbanakoei zuzendutako ekimen horren bidez, Sarek sakandarren pausoak batu nahi ditu preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde. Horregatik, sakandarrak ekimenean izena eman eta argazkia edo bideoa bidalita azaldu km-ak egiten ari direla. Bestela, ibarreko herrietan ere hainbat ekimen antolatu dituzte helburu horren aldeko km-ak pilatzeko. Izan Bidea dinamikaren baitan kokatzen da ekimena. Bat egin nahi dutenek herrietako Sareko kideekin harremanetan jarri, edo sakanasare@gmail.com e-postara idatzi.

Sareko kideek azaldu dutenez, “azken bi urteak garrantzitsuak izaten ari dira euskal presoen egoerari eta salbuespeneko espetxe politikari dagokionean. Urte luzeetan ezarritako urruntze politikaren akaberaren atarian gaudela esan genezake”. Salbuespenezko legedia “atzean utzi eta legedi arruntera saltoa egiteko unea” dela, gaineratu dute. Hala ere,”aldaketak kontrako jarrerak ere hauspotu ditu, eta badira oraindik ere etxerako bidean oztopo izaten ari diren gertaerak”. Sarekoen iritziz, “etxeratze bidea gauzatzeko orain arte moduan oztopo bakoitza salatu eta kalera atera behar dugu”.