Urarekin lotutako inbertsioetarako bi milioi

Guaixe 2022ko mai. 4a, 09:50

Urdalurko ur sarea Etxarrengo ur biltegiraino iristen da. Hurrengo helmuga Irurtzun da. ARTXIBOA

Toki Inbertsioen Plan berrian Sakanako Mankomunitatearen eta Irañetako Udalaren inbertsio bana jaso da.

Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsioen Plan berriak uraren goi hornidurarako 51 jarduera izanen ditu, 2022 eta 2025 urteen artean egin beharko direnak. Egindako lanen aurrekontuaren %80 ordainduko die foru administrazioak toki erakundeei. Plan berrian ibarreko bi lan aurreikusi dira. Batetik, Urdalur uharkako ur sarea Irurtzuneraino luzatzea. Ziordian dagoen urtegiko ura gaur egun Etxarreneraino iristen da, eta Irurtzunera artekoa azken fasea litzateke. Sakanako Mankomunitateak eginen du lan hori eta 1,95 milioi euroko aurrekontua du eta 2025ean eginen litzateke lana. Bestalde, Irañetak 2020tik du ur biltegi berria. Baina han iragazpen sistema instalatzea falta da, ura etxeetara are garbiago iristeko. Lan horretara Nafarroako Gobernuak 72.161,9 euro bideratuko ditu. Lanak 2024an eginen dira.