Maiatzak zutitzeko eguna

Guaixe 2022ko api. 29a, 14:54
Iturmendin maiatza jasotzen. ARTXIBOA

Igandean lan horri ekinen diote etxarriarrek, bakaikuarrek, iturmendiarrek eta ziordiarrek.

Lau herritan bost maiatza jasoko dituzte igandean. Goiztiarrenak bakaikuarrak izanen dira. 09:00etan mendian izanen dira, mokadu bat jan eta pagoaren bila joanen dira Idoitxarrera. Hura moztu eta Hartzabalera eraman ondoren, eguerdi aldera hasiko dira maiatza jasotzeko lanak egiten. Baizako gainaren bestaldean etxarriarrak orduan aukeratutako pagoa mozten hasiko dira. Eta Hartzabalera bizkar gainean eraman ondoren 12:30 aldera hasiko dira maiatza zutitzeko lanak.   

Ziordian bi maiatza jasoko dituzte igandean. Urbasara igo, txara bat moztu eta barga gainean jarriko dute, herritik ikusteko moduan. Langintza hori eguerdian eginen dute. Menditik jaitsi eta, 14:00etan, bigarren maiatza jasoko dute ziordiarrek. Orduan txipudiko parkean izanen da. Eta lanak despedituta, Errekakartea elkartean herri bazkaria izanen da. 

Igandean jasoko den azkeneko maiatza Iturmendikoa izanen da. Kintoen ardura da enborra herrira eramatea eta, behin maiatza pasata, egurraren salmentatik ateratakoa ere haiendako da. Pagoa dagoeneko moztua dute. Igandea girotzeko sagardotegi menua duen bazkaria izanen da Aitzkozar elkartean. Iturmendiarrak plazan elkartu eta 18:00etan hasiko dira lanean. Haiek izanen dira igandean pago enbor handiena zutituko duten sakandarrak. Bestalde, jende ugari gerturatzen dela baliatuta, Iturmendiko Gazte Asanbladak 17:30ean barra zabalduko du plazan.