Langileen Nazioarteko Eguna elkarrekin ospatuko dute CNT-k, CGT-k, ESK-k, STEILASek eta Solidarik. Bost sindikatuen iritziz, “azken bi urte hauetan amestu genuen une batez beste mundu bat posible zela. Une batez, eztabaidaezina iruditu zitzaigun funtsezkoak ginela. Baina pozak gutxi irauten du pobrearen etxean, eta sistema kriminal horrek berehala markatu ditu egonguneak”. Bost sindikatuek adierazi dutenez, “hamarkadak daramatzagu salatzen langileen prekarizazio laborala eta soziala. Lan harremanen ereduetan islatzen da prekarietatea; ertz asko ditu baina pobreziaren feminizazioa errealitatea da”. Eta gaineratu dutenez, “prekarizazioak eta pobreziak gazteei eta migratzaileei eragiten diete gehien”.
Boskotearendako "sistemaren arrakalak agerian geratu direnean eta osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak edo zaintza lanen moduko zerbitzu publikoen garrantzia nabarmena denean, gobernuek, bai hemengoak bai Madrilgoak, herritarrak eta diru publikoa esku pribatuetan jartzearen alde egiten dute”. Horregatik azpimarratu dute: "gobernatzen gaituztenek erantzukizuna dute balantza behingoz orekatzeko eta gehiengo sozialen txirotzea geldiarazteko".
Haien iritziz, "eraldaketa produktibo bat behar dugu, non pertsonen beharrak eta ongizatea erdigunean izango diren. Trantsizio bat, zeinetan guk izango dugun ekonomiaren kontrol demokratikoa, kapitalaren interesetara makurtu gabe, eta saldu nahi diguten kapitalismo horretatik urrun". Ukrainako gerrak “lehengaien espekulazioa eta kontsumorako prezioen gorakada nagusi diren agertokian jarri gintuen berriro ere, gehiago daukatenendako metaketa handiagoa suposatzen ari den espekulazioa” salatu dute.
Nafarroako lan istripu kopuruaren gorakadaz gaztigatu eta nabarmendu dutenez, "langileok eskubidea dugu lanean osasuna izateko baina, batez ere, lanera joaten garen bakoitzean bizitza jokoan ez jartzeko". Bestetik, “ezinbestekoa da Etxeko Langileez ere hitz egitea, ordua baita langile horiei gainerako langileei aitortzen zaizkien eskubide berberak aitortzeko. Eskatzen dugu gobernuak berehala onar dezala haien langabeziarako eskubidea, Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusiak agindu bezala”.