Langileen Eguna 2022

ELAk prekaritatearekin bukatzeko borrokara deitu du

Guaixe 2022ko api. 29a, 13:16

ELAko Nafarroako ordezkariak Langile Eguneko mobilizazioan parte hartzera deitu dute. UTZITAKOA

Igandean, 11:30ean, Iruñeko Gurutze Plazatik abiatuko da ‘Borrokan ari gara, buka dezagun prekarietatearekin’ manifestazioa. Maiatzaren Lehenean ELAk bizitzaren garestitzearen eta 134.330 lan prekarioen kontrako ekimenak lehenetsi ditu. 

Langileen Eguna ospatzea ELAko kideendako “gizartearen begirada berdinzaleagoa eta solidarioagoa aldarrikatzea da. Era berean, beste mundu bat eraikitzeko premiazko konpromiso kolektiboa da, beti ere kapitalismoaren kontra: planetaren mugak kontuan hartzen ez ditu, gero eta desberdintasun gehiago sortzen ditu eta energiaren krisiarekin eta inflazioaren hazkundearekin kolpatzen gaitu”.

ELAko ordezkariek nabarmendu dutenez, haiek ez dute gobernuekin eta patronalekin itunik sinatuko langileak pobreagoak izan daitezen. “Bizi dugun une honetan milaka pertsona egoera prekarioan daude, soldaten defentsa (KPIaren igoera) eta emakumeek pairatzen duten soldata-arrakalarekin bukatzea dira ELAren borroka nagusietako batzuk”. Soldata baxuak, lanpostuetan behar besteko segurtasunik ez, behin behineko kontratuak. Prekarietate horrek emakumezko aurpegia duela gaineratu dute, gaineratuz: “errealitateak erakutsi digu enplegu prekarioekin bukatzeko borroka sindikala dela biderik eraginkorrena”. Horregatik, “botere sindikala sortzeko antolatzea da edozein militante sindikalen zeregin nagusia eta ekarpenik onena”. Bide batez, sindikatua etxebizitzaren inguruan dagoen espekulazioa salatu, alokairu sozialeko parke publikoa hutsala dela nabarmendu eta “biztanleriaren parte handiarendako etxebizitza bat eskuratzea gero eta zailagoa” dela azpimarratu du.

Gobernuez
ELAren ustez Nafarroako Gobernua “neoliberalismoaren abangoardian” dago, estatuko erkidegoen artean joan den urtean superabit handiena izan zuelako. “Hau da, Nafarroako Gobernuak gizarte beharrak asetzeko zituen baliabide guztiak ez erabiltzea erabaki du. Hori guztiz ulertezina da Osasunbidearen kolapso egoera ikusita, adibidez, edo pandemiaren ondorioz 2021ean nafarren %16 bazterketa arrisku egoeran dagoenean”.

Sindikatuitik gaineratu dutenez, “legealdi osoan Nafarroako Gobernuak ez du patronalaren interesen aurkako neurririk hartu. Horren adibide dira UPN Gobernutik atera eta zazpi urtera fiskalitate politikan aldaketarik ez gertatu izana, AHT eraikitzen jarraitzea, UGT, CCOO eta Patronalaren finantziazio publikoa berreskuratzea edo euskararenganako ekimen erasokorra”. 

ELAtik salatu dutenez, “Sanchezen, Urkulluren edo Chiviteren gobernuek ez dute inolako neurririk hartu espekulazioarekin edo energia enpresen mozkin lotsagarriekin bukatzeko. Beste behin ere, politika botere ekonomikoaren menpe dago”. Ziurtatu dutenez, “gerrak eragina du, baina sakoneko arazoak lehenagokoak dira”. Bide batez Ukraina eta Errusiaren arteko “gerra lehenbailehen bukatzeak eta bakearen alde lan egiteak lehentasunezko erantzukizun politikoa izan behar du”, exijitu du sindikatuak. 

ELAk duela 110 urte baino gehiago erabaki zuen bere sigletan elkartasun hitza agertzea. Elkartasun hori ez litzateke posible izango sindikatuak antolatzeko aukera ematen duten afiliaturik gabe. Egun hauetan Euskal Herrian sektoreetan eta lantokietan egiten ari diren borrokak eta grebak ez lirateke posible izango milaka langileren konpromisorik eta antolaketarik gabe. Hori da sindikatua. Horregatik, 2022ko Maiatzaren Lehen honetan gogorarazi nahi dugu botere sindikala sortzeko antolatzea dela edozein militante sindikalen zeregin nagusia eta ekarpenik onena.

Datuak 
Langile prekarioak Hego Euskal Herrian 541.600.
Langile prekarioak EAEn 407.300.
Langile prekarioak Nafarroan 134.330.
Hutsik dauden etxebizitzak 80.000.