Pista txirrindularitza

Siets Goikoetxea, Ane Beltran eta Ane Berastegi, pistard bikainak Madrilen

Guaixe 2022ko mai. 4a, 12:20

Kadete mailako hirukote sakandarrak Nafarroa ordezkatu zuen Espainiako Pista Txapelketan

Aste Santuan Espainiako Pista Txirrindularitza Txapelketa jokatu zen Galapagarren (Madril). Nafarroako selekzioak hamalau txirrindulariz osatutako pista selekzioa osatu zuen txapelketarako, sei junior mailan eta zortzi kadete mailan. Kadeteen taldean hiru txirrindulari sakandar aritu ziren: Siets Goikoetxea urdiaindarra, Ane Beltran de Heredia altsasuarra eta Ane Berastegi arbizuarra, hirurak Joselin txirrindularitza klubekoak. 

Esperientzia bikaina
Sakandarrek modalitate ezberdinetan parte hartu zuten. Banakako jazarpen proban Ane Berastegi bosgarren sailkatu zen, banakako kanporaketa proban Siets Goikoetxea zortzigarren eta banakako puntuazio proban Ane Berastegi hamargarren. Taldekako abiadura proban Ane Berastegi, Siets Goikoetxea eta Irene Bona laugarren sailkatu ziren, podiumetik oso gutxira. 

Espainiako Pista Txapelketa "esperientzia paregabea" izan da sakandarrendako. Galapagarren bizitakoarekin kontentu itzuli dira, baita haiek animatzera hurbildu ziren senitartekoak ere. Pistako probak azkarrak dira, biziak, eta taldekakoak are ikusgarriagoak. "Brontzea behatz puntetan izan zuten, baina azkenean ezin izan zituzten dominak Sakanara ekarri. Datorren urtean emaitzak hobetzeko motibazioarekin itzuli dira gure txirrindulariak" azaldu dute senitartekoek. 

Nafarroako pista selekzioak 12 domina ekarri ditu Galapagarretik: urrezko bost, zilarrezko hiru eta brontzezko lau, eta balorazioa, jakina, ezin hobea da. "Datorren belaunaldiarekin Nafarroako pista selekzioak etorkizun paregabea du" adierazi dute hautatzaileek.