Pilota

Ezkurdia-Altuna eta Zabaleta-Dario, datorrenerako prest

Guaixe 2022ko api. 29a, 11:29
Altuna eta Ezkurdia, material aukeraketan. ASPE PELOTA

Asteburuan Buruz Buruko final laurdenetako bigarren jardunaldia jokatuko da. Lehen jardunaldi gogorrak utzi zuena ikusita, beste jardunaldi ikusgarria espero da

Aurreko asteko jipoi fisiko eta mentaletik guztiz osatzeke, asteburuan Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldia jokatuko da. 

Rezustak Artola izango du aurkari gaur, ostirala, Oiartzunen, eta larunbatean Labritek Lasoren eta Jakaren arteko lehia hartuko du. Altuna eta Ezkurdia igandean lehiatuko dira Eibarren, eta asteartean, Legazpin, Zabaletak eta Dariok jokatuko dute. Lau partidek ikusmina sortu dute, Altunak eta Martijak jokatuko dutenak bereziki. Arbizuarrari soilik Buruz Buruko txapela falta zaio, eta orain arte Altuna izan da txapel preziatua janztea eragotzi diona. Urrezko puntua dago jokoan, gainontzekoak bezala.  

Altuna eta Ezkurdia, gogotsu
Altunak eta Ezkurdiak lehendabiziko partidako jipoiaz oraindik osatzen ari zirela aitortu zuten material aukeraketan. Pozik daude lehen puntua dutelako, baina bigarrena lortu nahi dute, eta “zaila” izango dela aitortu dute. Izan ere, jakitun dira partida irabazten duenak hanka eta erdia izango duela finalerdietan. “Modalitate guztietan arerio nagusiena da Jokin. Ez du oparirik egiten, eta bikain jokatzera behartzen zaitu. Gure arteko partidak oso exigenteak dira, erritmo askokoak, eta beti beraren kontra jokatzeko gogotsu egoten naiz” aipatu zuen Ezkurdiak. 
Altunak ere hitz ederrak izan zituen Ezkurdiarendako. “Joseba arerio gogorrenetako bat da; izugarri eskatzen du. Bere kontrako partidetan asko ikasten dut; gehienetan xehetasun txikiengatik erabakitzen dira gure partidak” azaldu zuen.

Zabaleta eta Dario, zuzendu beharrekoak zuzentzera
Zabaleta eta Dario, aldiz, lehen jardunaldia galtzetik datoz. Biak ala biak arerio gogorrak dira. Zabaletak azaldu duenez, irabazteko aukerak izateko “opari gutxiago egin beharko ditut, eskuinarekin gehiago gozatu eta hobetu sakatu”. Dariok aitortu zuenez, “Zabaletaren kontra aukeraren bat izateko oso ongi defendatu beharko dut eta errestoan ongi ibili. Frontisetik oso urrun izango nau, eta bera mugiarazi beharko dut bere jokoa oztopatzeko. Bolea hobetu beharko dut, asko erabili beharko baitut.