Itxaropen faltsuaren iruditegia

Erabiltzailearen aurpegia Manex Insausti Olasagarre 2022ko mai. 2a, 10:17

Iada bi urte pasa dira pandemiaren aitzakiapean pobretze eta eskubide politiko zein zibilen urraketa progresibo batean murgildu gintuztenetik. Oraingo honetan, gauzak hobera ez eta Ukrainako gerraren harira, bizi baliabideek modu bortitzean gora egin dute. 

Bi eszenatoki hauek diruditena baino antzekotasun gehiago dituzte. Alde batetik, bizitzaren garestitzea ulertzeko fenomeno bakar gisa kontsideratzen dira, komunikabideetan zentraltasun osoa hartu dute egoeraren azalpen bakarra balira bezala. Bestalde, biak bizitzaren garestitzea ahalbidetu duten aitzakiak dira. Hala ere, eszenatokiak krisialdi kapitalistaren baitan ulertu beharrean gaude, izan ere, hartu diren neurriak oligarkia eta enpresari handien irabazi tasak mantentzeko erabili baitira; langile klasearen interesen kontra, bere erosteko ahalmenaren gutxitzea eragin dutelarik. Hartara, azken bi urteetan erregaien prezioa ia bikoiztu egin da, azken urtean ia sei aldiz igo dira argindarraren (%589,18) zein gasaren (%561,8) prezioak eta erosketa saskia erritmo motelagoan, baina etengabe ari da garestitzen.

Energiaren prezioa murrizteko zerga jaitsierak proposatu dira, Estatuaren diru sarrera gutxituz. Bestetik, NATOk eskatuta defentsa militarrerako gastua handituko da, beraz, neurri horiek martxan jartzeko nonbaitetik murriztu beharko da. Hala, Estatu kapitalistek kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko interes eta baldintzarik ez duten honetan publikoaren defentsa itsua egitea dirudun eta langileentzako zerbitzu ezberdinak de facto onartzen direla adierazten du. Iraganeko Ongizate Estatura bueltatzeko gogoa erakusten du sozialdemokraziaren politikak, nahiz eta azken urteetako egoerak kontrako joeran gaudela baieztatzen duen. Ezker erreformistaren nostalgiaren eta eskuin muturraren gorakadaren aurrean Euskal Estatu Sozialista da langileriaren ongizatea bermatu dezakeen bakarra.