Txirrindularitza

Txanponaren bi aldean

Guaixe 2022ko mai. 2a, 10:00

Adrian Martinez, junior mailako errepideko Nafarroako txapelduna. MARTIN EARLY

Adrian Martinezek Nafarroako Txapelketa irabazi zuen, Mikel Unzilla gorenean dago baina Aimar Tadeo eta Iker Agudelo lesionatuta daude

Junior mailako txirrindulari sakandarrek zerua eta infernua ezagutu dute azkenaldian. Txanponaren alde ilunean daudenak Aimar Tadeo (Sakana Group) eta Iker Agudelo (Quesos Albeniz) dira. Martxoaren 27an eroriko gogorra izan zuen Agudelo altsasuarrak Azpeitian, eta osatzen dago. Apirilaren 14an Durangon jokatutako lasterketan erori zen Tadeo lakuntzarra. Lepauztaia apurtu eta ebakuntza egin eta gero, osatzen ari da. Lasterketa horretan Sakana Groupeko bere taldekide Mikel Unzilla hirugarren sailkatu zen. Denboraldi bikaina egiten ari da etxarriarra. Berriki Nafarroako selekzioarekin parte hartu zuen Gipuzkoako Klasikoan, Europako nazioarteko txirrindulariekin batera, eta igandeko etapan lehen euskaldunaren saria jaso zuen.

Sakana Groupeko Adrian Martinezek irabazi zuen apirilaren 17an Lizarran jokatutako Nafarroako Errepideko Txapelketa, esprintean. Lakuntzarra Nafarroako txapelduna da.

Kadeteen mailan, Quesos Albenizko Iker Gomez altsasuarra hirugarren sailkatu zen apirilaren 24an Arronizen, eta bere taldekide Ekain Imaz bosgarren izan zen Zangoza Hiria Sari Nagusian. Aipatu bi txirrindulari hauek, euren taldekide Ion Aierbe eta Sakana Groupeko Oihan Gorriti Nafarroako kadeteen mailako selekziorako hautatu dituzte.