Duatloia

Juan Luis Maiza, Espainiako txapelduna

Guaixe 2022ko mai. 2a, 10:45

Juan Luis Maiza, dominarekin, eta Peio Vergara. Biak Europako Txapelketan ariko dira. UTZITAKOA

Espainiako Duatloi Txapelketa irabazita, irailean Bilbon jokatuko den Europako Txapelketarako txartela lortu du

Apirilaren 26an eta 27an Espainiako Duatloi Txapelketa jokatu zen Avilésen. Eguraldi txarrak guztiz baldintzatu zuen berez gogorra den proba, baina bertan lehiatu ziren Sakana Triatloi Taldeko Juan Luis Maiza eta Peio Vergara bikain aritu ziren. 

Larunbatean, adin tartekako Espainiako Txapelketak jokatu ziren. Eguraldia petrala zenez, proba arratsaldera atzeratu zuen antolakuntzak, eta distantzian ere aldaketak egin zituzten. Azkenean, super sprint distantzian aritu ziren duatletak: 2,8 km korrika, 10 km bizikletan eta 1,2 km korrika. Nahiz eta probaren hasiera atzeratu, euriari eta gogor jotzen zuen haizeari aurre egin behar izan zieten duatletek, baina albiste onak iritsi ziren Avilésetik. 55 eta 59 adin tarteko sailkapeneko txapelduna Sakana Triatloi Taldeko Juan Luis Maiza Begiristain etxarriarra izan zen (36:25), eta 65 eta 69 adin tarteko mailan Peio Vergara altsasuarra bosgarren sailkatu zen (44:11). 

Maizak eta Vergarak irailean Bilbon jokatuko den Europako Duatloi Txapelketarako txartela lortu zuten. 

Espainiako Duatloi Txapelketako elite mailako proba igandean jokatu zen eta Cidade de Lugo Fluvial taldeko Celestino Fernandez (50:28) eta Delikia Kirol Klubeko Joselyn Brea (57:15) izan ziren txapeldunak.