Eskalada

Eskaladan trebatzeko aukera eskaini du Mank-ek

Guaixe 2022ko mai. 5a, 11:15

Ion Gurutz Lazkoz, Iker Pourekin. GUAIXE

Ion Gurutz Lazkozek 12 urtetik gorakoak maiatzaren 13tik 15era trebatuko ditu 

Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko presidente Martin Montañes Alsasuak Sakanako Ibilaldiaren aurkezpenean federazioan duten kezka plazaratu zuen. "Geroz eta jende gehiago doa mendira eta eskalatzera batere ezagutzarik gabe, eta horren ondorioz mendi istripuen kopuruak nabarmen egin du gora". Federaziotik makina bat ikastaro antolatzen dituztela azaldu zuen, eta hasiberriei trebatzeko eskaera egin zien. 

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak urtero antolatzen du eskalada ikastaroa. Aurten ere horrela izanen da. Ion Gurutz Lazkoz Martinez eskalatzaile arbizuarrak eskainiko du, maiatzaren 13tik 15era. Maiatzaren 13an saio teorikoa izanen da Mank-en egoitzan, eta maiatzaren 14an eta 15ean eskalada praktikak, Uharte Arakilen edo San Fauston (Eraul). "Hastapeneko ikastaroa da, eta helburua aitzan eskalatzeko oinarrizko ezagupen eta teknikak lortzea da" azaldu du Mank-eko teknikari Amaia Gerrikagoitiak. 

Ikastaroan izena ematea zabalik dago maiatzaren 10era arte, Mank-eko Kirol Zerbitzuan. Prezioa 39 eurokoa da, eta 12 urtetik gorako edozein interesatuk eman dezake izena.