Tokikom-ek "komunikazio talde izaera sendotuko" du

Guaixe 2022ko mai. 3a, 14:01

Tokikom-en Batzar Orokorrean lehendakaria, Iban Arantzabal Arrietak, argibideak ematen.

Eratu zenetik hamar urte laster beteko diren honetan, egindako ibilbidearen balorazio positiboa egin eta datozen urteetarako erronka berriak jarri dizkio taldeak bere buruari. Euskarazko tokiko hedabideen sarea da Tokikom eta Guaixe fundazioa haren partaide da.

Duela bi urte egindako estrategia gogoetaren ondorioz, Tokikom-en Batzar Orokorrak erabaki du "barne kohesioa landu eta bazkideen arteko lankidetzan sakontzea, 'komunikabide talde' izatetik 'komunikazio talde' izatera pasatzen hasteko". Euskarazko tokiko hedabideen sareak jakinarazi duenez, "eraldaketa hori izango da Tokikom-en hurrengo urteotako pausoa gidatuko dituen helburu nagusia".

Hamar urteko ibilbidea du Tokikom-ek. Bere sortze helburu nagusietakoa izan zen "sakabanatuta zeuden toki komunikabide txikien baturatik indarra atera eta sinergiak aprobetxatzea". Hamarkadako ibilbideak "erakutsi du erabaki zuzena izan zela". Izan ere, "bazkideetako bakoitzarendako bakarka eskuraezinak diren tresnak eta zerbitzuak abiatu ditu. Duela urte gutxi batzuk euskarazko toki komunikabideentzat pentsaezinak ziren aukerak gaur eskura dituzte, Tokikom-ek bultzatutako indar metaketari esker". 

Tokikom-ek hainbat lorpen nabarmendu ditu: plataforma digitala, publizitate kanal bateratua, papererako edizio sistema, multimedia artxibo eta zerbitzaria, adimen artifizialeko tresna multzoa… Gaineratu dutenez, "Tokikom euskarazko toki hedabideen erreferentziako eragile eta solaskide bilakatu da erakunde publikoen, beste hedabideen eta iragarle handien aurrean".

Egonkortzea
Euskarazko tokiko hedabide saretik azaldu dutenez, hamar urtean "Tokikom-ek Sortu eta ia 10 bere egitura tekniko eta finantzarioa egonkortzea lortu du, heldu diren urteetako erronkei erantzuteko oinarri sendoa ezarriz". Jakinarazi dutenez, "taldearen zerbitzu propioek eta publizitate salmentak sarreren %83a suposatzen dute honezkero, eta urteko bolumena 600.000 eurokoa da".

Urtetik urtera Tokimom-en produktu eta zerbitzu eskaintza biderkatu egin da azken urteotan, “eta horrek ere erronka handia suposatzen du barne kohesioari begira". Ostiraleko Batzar
Orokorrean ezarritako etxeko lanen artean, taldearen eta bazkide txikienen arteko
komunikazioa zaintzea dago, bazkide txiki horiei ere pitteka dinamika berrietan sartu eta hazkunde fasean sartzea errazteko.

Zero kilometroko komunikazioa
Tokikom-eko presidente Ibai Arantzabal Arrietak azaldu zuenez, “pandemia garaiotan inoiz baino argiago geratu denez, tokiko kazetaritza esentziala da demokrazia sozialerako, eta toki komunikabideek kalitate handiko kazetaritza lana egiten dute". Audientzia datuetan oinarrituta esan zuen hori: “tokikoek euskarazko hedabide ez publikoetako audientzia digitalaren %70a dira". Gaineratu zuenez, “toki komunikabideek azkenaldian jasotako zenbait sariek ere kalitate handiko kazetaritza lan horren isla da".

Arantzabalek tokiko kazetaritzaren ezaugarrietako batzuk eman zituen: “bertatik bertara egiten da, ez dago teletipoen zain, notizia dagoen lekutik egiten da, kaletik. Testuak, argazkiak, bideoak... herritarrengana gerturatuz sortzen dira. Horrek dakar eduki hau bakarra eta gertukoa izatea eta, nahiz eta denbora eta dirua kostatu, zero kilometroko kazetaritzak emaitzak ematen ditu". Horregatik, Tokimom-en Batzar Orokorrean azpimarratu zuenez, “inoiz baino beharrezkoagoa da toki komunikabideen bezeroei, irakurleei zein erakundeei argi erakustea tokiko kazetaritzaren onurak. Izan ere, tokiko komunikazioak badu bere kostua, baina bere hartzaile kopurua eta epe ertain-luzeko eragina kontuan izanda, beharrezko inbertsioa da".

76 komunikabide
Gaur-gaurkoz 28 bazkidek osatzen dute Tokikom, tartean Guaixe fundazioa. Guztira 74 hedabide biltzen ditu taldeak: 32 webgune, 28 aldizkari, 5 telebista eta 9 irrati. Taldeko komunikabideetan 200 langiletik gora ari dira lanean, eta Euskal Herri osoko 297 udalerritara iristen da.