Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planen ekarpenak egiteko aukera

Guaixe 2022ko mai. 3a, 10:52

Klima eta Energiaren Alkateen Ituneko bilera. ARTXIBOA

Ibarreko 15 udalak Sakanako Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planean parte hartzen ari dira. Klima aldaketari egokitzeko LIFE-IP NAdapta-CC europako proiektuaren baitako egitasmoa da. Ostiralera arte herritarren ekarpenak eta kontsultak egiteko epea zabalik dago.

Klima aldaketara egokitzeko eta hura arintzeko neurriak zehazteko helburua du Alkateen Itunak. Sakanako 15 udalek bat egin dute itun horrekin. Haren barruan, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bultzatutako LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren bidez Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planak (PACES) prestatzen ari dira. Nasuvinsa ari da plan horiek garatzen, eta ibarreko kasuan Sakanako Garapen Agentziaren laguntza du.

Joan den irailaz geroztik, hainbat komunikazio eta partaidetza jarduera egin dira, herritarrei egindako inkesten, online tailerren eta udal arduradunekin egindako lan saioen bidez, klima aldaketara egokitzeko eta hura arintzeko neurriak definitzeko, bai eta tokiko eremuan energia pobreziari buruzkoak ere. Neurri horiek izango dira PACESak. Ibarreko planari ekarpenak eta kontsultak egin diezaiokete sakandarrek. Horretarako, ostiralera arteko epea dago, galdetegi labur bat betez. Bide batez, udalek klima aldaketari aurre egiteko hartu dituzten konpromisoak eta proposaturiko neurriak ezagutarazteko aukera izanen da.