Mank-ek arkitekto tekniko edo aparejadoreen zerrenda osatu nahi du

Guaixe 2022ko mai. 6a, 11:15
Sakanako Mankomunitatearen egoitza. ARTXIBOA

Horretarako hautaprobak eginen ditu eta, horrela, lanpostua aldi baterako betetzeko hautagai zerrenda osatu nahi du.

Lehiaketa oposizio bidez Sakanako Mankomunitatearen zerbitzura dagoen arkitekto tekniko edo aparejadore lanpostua betetzeko lan poltsa bat eratu nahi du. Hautaproba gainditzen dutenekin sortzen den lan poltsako hautagaiekin laneko bajen ondorioz behin behineko ordezkapenak egin nahi ditu Mank-ek, edota oporrak eta Mank-eko zerbitzuak indartzeko unean uneko beste edozein behar betetzea. Deialdian parte hartu nahi dutenek lanpostuari dagozkion ikasketak eta euskara C1 hizkuntza ezagutza izan behar du. Interesa dutenek beraien eskabideak maiatzaren 14ko 23:59ra arte aurkeztu ditzakete. Probetan lortutako puntuaziorik handienaren arabera osatuko dute zerrenda. 

Mank-ek zerrendako bakarren bat lanera deituko balu, honako zereginak izanen lituzke: Errehabilitazio Bulegoaren lanak zuzentzea; birgaitzeko laguntzak eskatzeko izapidetzen diren espediente guztiak aztertzea eta horiei buruzko txostenak egitea; Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuarekin birgaitze prozedurak koordinatzea; etxebizitzak ikuskatzeko bisita egitea, dagozkion txostenak egiteko; etxebizitzen egoerari buruzko txostenak egitea, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak bizigarritasun zedulak emateko izapideak egiteko; urtero ORVEren funtzionamenduari eta jarduerei buruzko memoria egitea; kudeaketa-sistemak nola eragiten dion jakitea eta betetzea eta bere lanari bereziki prebentzio- eta babes-neurriei eragiten dioten araudi, prozedura eta jarraibide guztiak ezagutzea eta betetzea.