Pilota

Ezkurdiak ez du jokatuko eta Zabaletak gaur jakingo du

Guaixe 2022ko mai. 5a, 10:40
Ezkurdiak ez du Buruz Buruko hirugarren jardunaldia jokatuko, Dario eskuko minekin dagoelako, eta Zabaletak gaur jakingo du Altunaren kontra jokatuko duen, amezketarrak erabakia hartu bezain pronto.

Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkako hirugarren jardunaldiko lau partidetatik bakarra jokatuko da, momentuz. Bi partida ez dira jokatuko eta hirugarrena gaur jakingo da

Buruz Buruko txapelketa garrantzitsuena eta gogorrena dela inork ez du ukatzen. Kanporaketa zuzenera jokatzen zen orain arte, baina aurten enpresek final laurdenetako ligaxka antolatu dute eta horrek txapelketa gehiegi gogortuko ez ote zuen, hori zen pilotazaleen kezka. 

Bigarren jardunaldian Altunak eta Ezkurdiak jokatu beharreko partida bertan behera geratu zen, eta asteburuan jokatuko den hirugarren eta azken jardunaldian soilik partida bat jokatuko dela da ziurra, igandean Erik Jakak eta Iñaki Artolak jokatuko dutena. Bien arteko irabazlea finalerdietarako sailkatuko da. 

Aldiz, larunbatean Joseba Ezkurdiak eta Dario Gomezek Labriten jokatu beharrekoa bertan behera geratu da, Dario Gomezek eskuko minez bukatu zuelako asteartean Zabaletaren kontra jokatutako partida, eta Unai Lasok eta Beñat Rezustak ostiralean Baños de Rio Tobian jokatu beharreko partida ere bertan behera geratu da, Lasok uko egin diolako jokatzeari, sorbaldan mina duelako. Aipatu bi jardunalditan ez zegoen ezer jokoan, Dario eta Rezusta txapelketan aurrera egiteko aukerarik gabe zeudelako eta Laso eta Ezkurdia finalerdietarako sailkatuta daudelako, bina puntu baitituzte. Enpresek programazioan aldaketa egin dute, jaialdiei eusteko. Ildo honetan, eta txapelketako martxa ez galtzeko, larunbateko Atanoko  jaialdia zabaltzen duen partidan jokatuko du Ezkurdiak, Etxebarriarekin bikotea osatuta, Irribarriaren eta Bikuñaren kontra. 

Altunak gaur erabakiko du
Zalantzan dagoen partida Altuna III.ak eta Zabaletak igandean Atano III.ean jokatuko dutena da. Partida erabakigarria da guztiz, irabazten duena finalerdietara sailkatuko baita. Pilota aukeraketa gaur, osteguna 13:30ean izanen da, baina lehenago, 11:30ean, Jokin Altunak eskuak nola dituen probatuko du. Horren arabera jakingo da jokatzeko moduan ote dagoen edo ez.