Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko osasun etxeen parean kontzentrazio bana deituz mustu zuen bere jarduna hilaren 3an Sakanako Osasun Publikoaren aldeko Plataformak. Hango kide Gurutze Arregi Mujika altsasuarrak azaldu duenez, "gure osasun etxeetan dauden langile gabeziengatik eta osasun arreta mantentzea eskatzeko" elkartu ziren asteartean. Arregik azaldu duenez, plataformatik "kezkaz" begiratzen dute osasun arreta "hartzen ari den joera orokorrari". Plataformako kideak Osasunbideak Lehen Arretak hobetzeko planteamenduak zerrendatu ditu: teknologia berrien aprobetxamendu handiagoa; Internet sustatzea eta haren bidez osasun karpetaren erabilera; aurrez aurreko arreta eta aurrez aurrekoa ez dena definitu eta protokolizatu nahia; pazientei arreta emateko epe maximoak markatzea; osasun etxeetara bideratzen diren pazienteen kopurua mugatzea; momentuko eskaerak erizainen ardurapean uztea… "Zalantza asko sortzen zaizkigu eta pazienteei eman behar zaion benetako arreta arriskuan egon daiteke".
Sakanan sortu berri den plataformako kide Josu Rubio Mendiluzek gaineratu duenez, "batez ere, aurrez aurreko arreta, ekipamenduarekin ordezkatzea planteatu dute". Zehaztu duenez, "gu ez gaude Lehen Arretari laguntzeko erabakien kontra, baina arreta modu presentzialean ematea eta pazientearen borondateari erantzutea aldarrikatzen dugu nagusiki. Hau da, bere medikuarekin egotea eskatzen badu, egotea, eta beharrezkoa den denbora". Arregik gaineratu duenez, "buru osasuna eta gauza asko daude egiteko Lehen Arretan. Orain mediku faltarekin hasi gara, baina horrekin ez da bukatzen".
Etxarri Aranatzen egindako elkarretaratzea. UTZITAKOA
Langile falta
COVID-19 gaitzaren "aitzakiarekin besteak beste plantillak eta inbertsioak murrizten" ari direla uste dute. Rubiok dauden langileei erreparatu die: "garrantzitsua da jabetzea gelditzen den plantilla zein egoeratan dagoen. Psikologikoki jota daude. Guk kanpotik ikusten dugu, baina barrutik ere ikusi behar da nola dauden. Horregatik ari gara borrokatzen, osasun publikoaren alde. Dirua osasun publikora bideratu behar da, ez pribatura".
Nafarroako Osasun Zerbitzuak, Osasunbideak, jakinarazi zuenez, maiatzean hainbat lanpostu beteko zituela. Irurtzungo osasun etxean pediatria plaza, Etxarri Aranazkoan pediatria eta mediku plaza bana eta Altsasukoan hiru mediku plaza. "Baina ez dira nahikoa langile izanen. Horrekin ez da betetzen plantilla", argitu du Rubiok. "Horregatik, mugitzen segitu nahi dugu". Arregik ziurtatu duenez, "gobernuak promesak egin zituen, baina haiek bete daitezen jarraipena eginen dugu". Jarraipen horren parte izanen da "etortzen diren medikuak gelditzen diren" jakitea.
Altsasuko elkarretaratzean sinadurak bildu zituzten.
Plataformaz
Hiru herrietan nor bere alde hasi zen osasun publikoaren alde egiten. "Altsasuarrak ere Nafarroako Osasun Plataformaren bileretan parte hartu dugu Iruñean. Han sortu zen ibarreko koordinadora egiteko ideia. Irurtzundarrak, etxarriarrak eta altsasuarrak elkartu eta plataforma osatzea erabaki genuen, beharragatik", gaineratu du Arregik.
Osasun publikoaren aldeko Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura bilketan segituko dute plataformako kideek. Esate baterako, garagarrila bitarteko asteazkenetan 11:00etatik 13:00etara, Altsasuko azokan sinadurak jasoko dituzte gero Kongresuan aurkezteko. Bestetik, ibarreko hamabost udalei osasun publikoaren aldeko mozioa aurkeztu diete.