Plazaolak bide natural eta bide berdeendako legea eskatu du

Guaixe 2022ko mai. 12a, 14:03
Aritz Romeo Ruiz eta Aitor Larraza Carrera Nafarroako Parlamentuan. UTZITAKOA

Turismo partzuergoak Nafarroako Parlamentuan egin zuen eskaera. Haren bidez mantentze lanei buruzkoak eta erantzukizunei buruzkoak zehaztu nahi dituzte. Izan ere, gaur egun ez baitakite zein lan dagozkien toki erakundeei eta zein gobernuari.

Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Batzordearekin lan bilkura izan zuten Plazaola turismo partzuergoko eta Ederbideako ordezkariek apirilaren 29an. Lesakako alkate Ladis Satrustegui Alzugarai, Baztan-Bidasoako turismo teknikari Irantzu Pastor Ordoki, Plazaola turismo partzuergoko gerente Gustavo Ortiz de Barron, partzuergoko presidente eta Irurtzungo alkate Aitor Larraza Carrera eta partzuergoak kontratatutako lege aholkulari Aritz Romeo Ruiz izan ziren bileran. 

Larrazak azaldu duenez, "Plazaola bide berdea hainbat herritatik pasatzen da. Haren egiturazko eta prebentziozko mantentze lana egin behar da. Hori egiterakoan arazo pila sortzen dira ardurak zehaztuta ez daudelako. Bidean arazoa sortzen denean zeini dagokio hura konpontzea? Kontzejuari, udalari edo gobernuari?" Kezka horregatik Plazaola eta Ederbideako arduradunek natur bide eta bide berdei buruzko lege ikerketa egitea erabaki zuten. Hura Romeok egin du eta Parlamentuan ostiralean aurkeztu zuten. 

Helburuak
Lege ikerketan jaso dute bide horiek Nafarroan nola dauden araututa eta gainontzeko erkidegoetako legeekin alderatu dituzte. Larrazak esan duenez, "Nafarroako Gobernua turismo eta mugikortasun jasangarriaren aldeko ahalegin ekonomiko handia egiten ari da. Apustu garrantzitsua da. Baina nahiz eta eskumen historikoa izan, ez dago inolako araudirik". Plazaolako presidenteak azaldu duenez, hiru helburu lortu nahi dituzte. Batetik, bide naturalak eta bide berdeak arautuko dituen lege bat izatea. "Gaur egun bakarren bat eroriko balitz, bidearen zatiaren arabera, ardura kontzeju batena, udal batena edo gobernuarena litzateke", argitu du Larrazak. Legeak, beraz, erantzukizun zibila zehaztu beharko luke. Baita mantentze lanen ardura zehaztu ere. "Toki erakundeok garbiketa eta sasitza kendu beharko genuke, baina bidearen aurre mantentzea, egiturazko mantentzea, Nafarroako Gobernuarena izan beharko luke. Jakina, horrek askoz ere aurrekontu handiagoa eskatzen du". 

Ederbidea eta Plazaolakoek aurkeztutako txostena hautsa jaten ez gelditzeko neurria ere proposatu zuten. "Legea egin eta onartu bitartean proposatu dugu Nafarroako Gobernuaren eta toki erakundeen artean hitzarmenak sinatzea, lehen aipatutako arazoak saihesteko", azaldu du Larrazak. "Gainontzeko partzuergoekin landu nahi dugu legearen ideia hori, Nafarroa guztira iristeko".