Baratza eta soroetako lurra ongarritzeko konposta erabili daiteke. Baita etxeko lore ontziak edo lorategietarako. Edota herrietako berdeguneak eta zuhaitzak ongarritzeko. Konposta horretarako erabiltzea egokia da. Gainera, Sakanako Mankomunitatearen Utzubar EKO gunean egiten den konpostak A kalifikazioa jaso du eta horrek nekazaritza ekologikoan erabiltzeko modukoa bihurtu du. Joan den urtean konpost planta zabaldu ondoren, konpost kantitate handia sortu dute eta sakandarrek urte guztian hura mugarik gabe har dezakete: etxerako zaku bat edo batzuk, edo baratze edo soroetarako gurdikadak. Horretarako, Utzubar EKO guneko bulegora joan behar da lehenik. Konposta hartuko dela jakinarazi eta hura nondik har daitekeen gaztigatuko dute Mank-eko langileek. Hartu ondoren zenbat hartu den esan eta etxera edo baratzera bueltatzeko aukera izanen da. Konposta hartzeko gurdia edo zakuak eraman daitezke. Eta zaku gehiago behar izanez gero han bertan ematen dituzte.
Hondakin Zerbitzuko hezitzaile Amaia Okariz Ormaetxeak gogorarazi konposta etxean egiteko aukera ere badagoela. "Horretarako beharrezko materiala (konpostagailua, kuboa eta aireztagailua) Arbizuko Utzubar EKO gunean dago. Interesa dutenei informazioarekin batera ematen diegu". Okarizek gaztigatu du Irurtzunen eta Altsasun auzokonpostagailuak daudela eta "auzokideekin batera konposta egiteko aukera baliatu nahi dutenek 900 730 450 telefonora hots egin edo info.hondakinak@sakana-mank.eus posta elektronikora idatzi behar dute".
Lehengaien berrerabilpena
Okarizek ohartarazi duenez, "gure lehengaiak agortzen ditugun bitartean, zabortegiak hondakinez betetzen ditugu. Europak, Zuzentarau berrien bidez, zirkulu ekonomia bultzatzen ari da: hondakinen murrizpena, berrerabilpena eta birziklapena bultzatuz, hondakinak lehengai bihurtuz". Sakanako Mankomunitatea zirkulu ekonomian aitzindaria dela nabarmendu du hezitzaileak: ibarrean sortzen diren etxeko hondakinen %56 bataz beste berreskuratzen da, gainontzekoa hondakindegian bukatzen du. "2025erako Europak eskatzen duen materialen berreskurapen maila dagoeneko, gaur egun Sakana gehienean gainditu da. Arrakasta honen gako nagusia Sakanako sukalde eta lorategi gehienetan egiten den elikagaien eta landare hondakinen bereizketa izan da. Izan ere, Sakanan biohondakina bereizita kudeatzen baitugu". Atez ateko bilketa sistemaren bidez eta Altsasun eta herri txikietan ekarpen etxoletan dauden 5. edukiontzi marroietan jasotako materia organikoa, inausketekin batera, konpost bihurtzen dela azaldu du.
Okarizek gaineratu duenez, "lan horri esker, zirkulu ekonomia segituz, elikagai eta beste gai organikoak kontsumitu ondoren sortutako hondakinak lurrera bueltatzen ditugu ongarri bezala. Horrela ez dira hondakindegi batean lurperatzen. Eta, ondorioz, klima aldaketa eragiten duten gasak sortzea saihesten dugu". Konpostaren kalitate azterketek bidea egokia dela azpimarratu diete Hondakin Zerbitzuko langileei.