Astekaria

Haur eskolen grebak bultzada hartuko du

Guaixe 2022ko mai. 9a, 08:42

Kattuka haur eskolako langileak Altsasuko azokan sinadurak biltzen.

Aste honetan mugagabeko greba hasi duten 43 haur eskolei, Arbizukoa barne, beste haur eskola batzuk batuko zaizkie gaur. Mobilizazioak ere iragarri ditu Nafarroa 0-3 plataformak.

Nafarroa 0-3 plataformaren deialdiari jarraituz, herrialdeko 103 haur eskoletatik 43tan greban daude maiatzaren 2az geroztik. Horien artean dago Arbizuko Kattuka haur eskola. Eta greba deialdiaren erregistroarekin atzeratu diren haur eskoletan gaur ekinen diote grebari. Altsasuko Txirinbulo haur eskolako langile batzuk hala eginen dute. Erriberako hainbat haur eskoletan greba mugagaberik eginen ez badute ere, astero egun jakinetan lanuzteak iragarri dituzte langileek, baita mobilizazioak ere. 

Lanuzte horrekin haur eskoletako langileek beraien lan baldintzak eta eskaintzen duten zerbitzuarenak hobetu nahi dituzte. Horretarako, eskatzen dute hezitzaile bakoitzak haur gutxiago zaintzea, hau da, ratioak jaistea Europakoen bikoitzak baitira. Bestetik, soldatak eta lan baldintzak duintzeko neurri zehatzak eskatzen dituzte. Eta, azkenik, 0-3 zikloa, 3 eta 6 urte arteko zikloa bezala, doakoa izatea eskatzen dute. 

Greba bertan behera uzteko 0-3 zikloa aztertuko duen mahai tekniko bat eratzea nahi dute grebalariek. “Kide aktibo izanen garen negoziazio mahai bat eratzea nahi dugu, gure aldarriak mahai gainean jartzeko. Mahai horrek helburu jakinak izan beharko lituzke, eta egutegi bat, konpromisoak bete daitezen. Mahaia eratu arte grebarekin segituko dugu”, azaldu du Eider Garde Mazkiaran plataformako kideak. Joan den astean eratutako mahaian, momentuz, Hezkuntza eta Lurralde Kohesio departamentuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa daude. Azken horrek plataforma mahaiko kide aktibo izatea nahi du, ez ordea gobernuak. 

Plataformako bozeramaileek gaztigatu dutenez, Nafarroako Gobernuak ez du haiekin bildu nahi, “plataformari ez diote zilegitasunik ematen”. Hezkuntza Kontseilariak astelehenean adierazi zuen greba “epez kanpo heldu dela eta ez dela bidea”. Plataformatik erantzun diote urteak daramatela administrazio bidea lantzen, politikariekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin, Hezkuntza Departamentuarekin, haur eskoletan eragina duten eragileekin hizketatzen. “Duela sei hilabete mahai gainean jarri genuen grebaren aukera. Eta ez digute kasurik egin. Guk ez genuen greba aktibatu nahi, suposatzen duenagatik. Oso lan prekarioan gaude, oso soldata prekarioak ditugu, oso baldintza kaxkarretan ari gara lanean…” Egunak pasa hala gero eta haserreago daude langileak.

Azaldu dutenez, duela sei hilabete grebarako prest zeuden eskolak bederatzi ziren eta astelehenean 43tan hasi zen greba. “Eta badakigu hurrengo egunetan eskola gehiago gehituko direla. Hasiera batean egoera honek izanen zuen erantzunarekin kezka zuten. Baina ikusi dutenean zein indar daukagun, greba deialdi eskaerak aurkeztu dituzte. Deialdiarekin 43 eskolak bat egin izanak zilegitasuna ematen digu”. 

Eragina 
Grebalariak haien erabakiaren jakitun dira: “haur eskola erabiltzea erabakitzen duenak beharra duela erabiltzen du. Plazerez ez dira sei hilabeteko haurrak eskolatzen”. Gardek azaldu duenez, gurasoen artean “denetarik” dago, baina “gurasoek ulertu dute gure aldarrikapenak ez direla gure lan baldintzen aldekoak bakarrik, plataformaren proposamena baita 0-3 zikloko bizi baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea. Ratioaren jaitsierak zuzenean eragiten du haurren baldintzetan. Eta zikloaren doakotasunak zuzenean eragiten du familiengan”. 

Grebarekin batera langileei gutxieneko zerbitzuak ezarri zaizkie langileei. Arbizuko Kattuka haur eskolan pedagogia arloko langileen erdiak egon behar du lanean eta zerbitzu anitzetako %100ak. “Gurasoek erantzun ona izan dute eta gutxi dira haurrak ekarri dituztenak. Eta ekarri behar badituzte, haurren erreferentea dagoenean ekartzeko eskatu diegu”, azaldu du Gardek. Altsasuko Txirinbulo haur eskolan bina hezitzailek eta garbitzailek hasiko dute greba gaur. Beste bi hezitzailek eta garbitzaile batek ez dute bat eginen. Hori dela eta, udalak erabaki du grebalarien gelak ixtea eta lanean segitzen dutenena zabalik mantentzea. Gainera, zuzendariak eta jangelako laguntzaileak %50eko gutxieneko zerbitzuak dituzte. Guztiaren jakitun izan ondoren, guraso batzuk kexu azaldu dira gela batzuk zabalik daudela eta besteak itxita eta itxiera txandakatzea proposatu dute. Baina langileen lan eta grebarako eskubideekin talka egiten du eskaerak. Uharte Arakilgo Pausoka haur eskola “oraindik ez da batu borroka honetara”. 

Gutxieneko zerbitzuak 
Gardek azaldu duenez, “bagenekien arazoak sortuko zirela gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan, haur eskoletako mugagabeko grebaren aurrekaririk ez dagoelako Nafarroan”. Izan ere, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak udalei bidali dien agirian “puntu guztiak irakurrita ulertzen da langileak ezin dugula grebarik egin, zerbitzua eskaini ahal izateko %100 beharrezkoak garela”.

Horregatik, udal batzuk %100eko gutxieneko zerbitzuak jarri dituzte. “Horrela, langileen greba eskubidea ukatzen da”. Beste udal batzuk langileen erdia eskoletan egotea eskatu dute. “Eskola jasotzeko familien eskubidea bermatzen da, greba eskubidea ere, baina haur eskolan dauden bitartean umeen gutxieneko bizi baldintzak ez dira errespetatzen, ratioak bikoizten direlako. Edo Europako ratioak laukoiztu”. Beste udal batzuk eskolak itxi edo unitate batzuk istea erabaki dute. “Horrela ahalbidetzen dute umeek gutxieneko batekin harretan jasotzen du, langileen greba eskubidea errespetatzen da, baina ez familien zerbitzurako eskubidea”. Gardek esan duenez, “argi gelditzen da urte guztian gutxieneko zerbitzuan ari garela lanean”. 

Mobilizazioak
Nafarroa 0-3 plataformak larunbatean Iruñean manifestazioa deitu zuen. Horretaz aparte, astelehenetan Hezkuntza Departamentuaren aurrean kontzentrazioak eginen dituzte. Eta ostegunetan Nafarroako Parlamentuan bilkura dagoela baliatuta elkarretaratzeak eginen dituzte 08:30ean, 11:00etan eta 16:00etan. Bestalde, astearte, asteazken eta ostiraletan eskualdeetan mobilizazioak egiteko baliatuko dituzte, haur eskolen egoera gizarteratzeko. Esaterako, asteazkenetan Altsasuko azokan sinadurak biltzen hasi dira. 

Bestetik, Nafarroako Parlamentuan mozioa aurkeztu zuten Geroa Baik, EH Bilduk eta I-Ek apirilaren 28an. Plataformaren eskaerei babesa eskatu zuten, baina Navarra Sumaren eta PSNren kontrako botoekin mozioa ez zen onartu. Hala ere, mozio hori udaletan aurkeztu dute eta onartzen hasi dira, batzuetan Navarra Sumaren zinegotzien babesarekin.