PILOTA

Zabaletak eta Altunak finalerdiko txartela dute jokoan

Guaixe 2022ko mai. 6a, 10:52
Atzo, osteguna, egin zen material aukeraketa.

Altunak jokatzeko moduan zegoela erabaki zuen atzo, osteguna. Asteburuan Buruz Buruko ligaxkako azken lau partidetatik bi jokatuko dira, erabakigarriak diren bakarrak 

Altunak proba egin eta jokatzeko moduan zegoela erabaki zuen atzo, osteguna. Horrela, A multzoan Zabaletak eta Altunak larunbatean Donostiako Atano III.ean jokatuko duten partidak erabakiko du bietako nor sailkatuko den finalerdietarako. Ez dago esan beharrik partida gogor bezain borrokatua espero dela. Joan zen urtean Altunak Zabaleta bidean utzi zuen finalerdietan, eta aurten arantza kendu nahiko luke Etxarrengo atzelariak. Aitortu beharra dago Zabaletak asteartean partida jokatu zuela eta errekuperatzeko tarte gutxiago izan duela duela bi aste jokatu gabe dagoen Altunaren aldean, baina Etxarrengoak asteartean bezain ongi jokatzen gabe, gauzak oso zail jarriko dizkio Altunari. Jotzaile handia, batetik, eta mago aurrelaria, bestetik. Ikusiko da nor gailenduko den. 

A multzoan dagoeneko finalerdietarako sailkatuta dago Joseba Ezkurdia. Ez du Darioren kontrako partida jokatuko, pilotari errioxarra eskuko minarekin dagoelako. Hortaz, ligaxkan partida bakarra jokatuta iritsiko da finalerdietara arbizuarra. Txapelketaren erritmoa ez galtzeko, larunbateko Atanoko irekiera partida jokatuko du Oier Etxeberriarekin bikotea osatuta, Irribarriaren eta Bikuñaren kontra. 

Jaka vs Artola
B multzoan Unai Laso finalerdietarako sailkatuta dago, orain arte jokatutako bi partidetan gailendu eta gero. Gaur, ostirala, Beñat Rezustaren kontra Baños del Rio Tobian jokatu beharreko partida bertan behera utzi du, sorbaldan mina duelako. Finalerdietako beste pilotaria igandean Erik Jakak eta Iñaki Artolak jokatuko duten partidatik aterako da. 

Pilota enpresek asko espero zuten Buruz Buruko final laurdenetako ligaxkaz, baina bigarren jardunaldirako Altunak bere partida bertan behera utzi zuen eta hirugarren jardunaldian lau partidetatik soilik bi jokatuko dira, erabakigarriak direnak hain zuzen ere.