Astekoa

Intoxikazio zoragarria

Aitziber Grados Muñoa 2022ko mai. 9a, 10:21

"Gaur goizean ohetik altxatu eta janzterakoan ez nekien zer jantzi, eta horregatik irribarre bat jantzi diot neure aurpegiari". Zuk irribarrea janzten zenuen bitartean nik ohean buelta erdi eman eta lotan jarraitu dut, askotan halakoak entzuteko hobeto baita ez esnatzea. Esaldi erromantizatzaileegia da, baina inguruan entzun behar izan dut halakorik. Eta badago esaldi horren losoaz egunari aurre egiteko babesa topatzen duenik. Ze gehienetan egunei aurre egin behar izaten zaie. Zerbaitenganako esperantza izatea beharrezkoa zaigu, baina mesedez, ez zaitzala katilu bateko esaldiak irentsi. Edo ez zaitez katilu horretan ortzadarra edaten duen zure lagunaren aholku erromantikoetan hondoratu. Badakizue zertaz ari naizen, Mr Wonderful. Aspaldi jarri ziren modan Mr Wonderful markako katiluak. Izenak berak dio. Katilu horretan tragoa hartuz gero "zoragarri !!!" joanen zaizu eguna. Barruko edaria Sosa Kaustikoa bada ere. Zoriontasun faltsuaz intoxikatuta; zure lagunaren aholkuak eta eguneroko gordintasuna. "Bizitzak limoiak ematen badizkizu egin limonada!", esan zuen limoi zukua begietara botatzen zuen bitartean. Uste dut argi geratu dela tankerako adierazpenak esaten dituenari beste zerbait zukutuko niokeela. Tamalez, erromantizazio horretan babesten denari trago zoragarri horiek garesti aterako zaizkio.